Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Go!azen 4.0

'Go!azen' telesailaren denboraldi berria hasiko da gaur gauean ETB1en

A.E. | EiTB

Hori ospatzeko, 400 neska-mutilek 'Go!azen' kanta abestu dute ostegun arratsaldean Bilbon.

1:18

Gaur hasiko da ETB1en 'Go!azen' telesaila, 21:00etan. Pausokak eta ETBk ekoitzitako telesail arrakastatsuaren 13 atal berri eskainiko dira. Basakabi udalekua ardatz hartuta, bertako ikasleen istorio berriak dakartza 'Go!azen'ek abesti eta dantza artean. Ostegunean, telebista emanaldiaren bezperan, saioari behar bezalako ongietorria emateko, 400 bat lagunek, hainbat ikastetxetako ikasle eta irakasleek, Nerea Mazo, Nerea Gorriti, Asier Burguete, Iholdi Beristain, Sara Nieto, Beñat Iturbe, Inma Fernandez, Karmele Larrinaga, Aritz Mendiola eta Ainhoa Larrañaga aktoreak lagun, telesailaren kanta abestu dute Bilbon.

Gaur hasiko den atal sorta honetan, aurreko denboraldian ikasle gisa aritutako Paula Etxeberria, Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Markel Gajate, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Morenorekin batera, Nerea Mazo, Sara Nieto, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain lehen aldiz jarriko dira kamera aurrean telesail batean. Azken horrek 'Bago!az' saioa irabazita lortu du 'Go!azen'en parte hartzeko txartela. Gainera, Ramon Agirre, Karmele Larrinaga eta Inma Fernandez ere arituko dira bertan denboraldi honetan, eta, horiekin batera, Asier Oruesagasti eta Nerea Gorriti ikusiko ditugu aurtengo ataletan helduen artean.

Denboraldi berrian, berebat, nobedade gisa, Kukai dantza-taldea eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa agertuko dira atal batean, eta garai ezberdinetako euskal abesti eta talde ezagun asko entzun ahalko dira telesailean berriro: Negu Gorriak, Gatibu, Urtz, Xabi Solano, Hesian, Huntza, Berri Txarrak, The Uski´s...

ETB eta Pausoka ekoiztetxearekin batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskaltel eta Laboral Kutxa dira telesailaren babesleak.

'Go!azen' telesailaren en lehen atala: Ispilu aurrean

Berriz uda, Basakabiko ikasleak udalekura datoz beste behin. Aurten, Markelek, Jontxuk, Anek, Garik eta Elik lagun eta ikaskide berriak izango dituzte eurekin batera: Naia, Nikole, Lore, Julen… Uda ondo pasatzeko asmoa dute denek, baina bakoitzak ideia propioak ditu, baita udalekura iritsi berri den Erika ingeles irakasleak eta Martin sukaldariburu berriak.

Batetik, Anek Naia aurkeztuko die udalekuko bere lagunei. Naia Aneren lagunik onena da, baina inori azaldu nahi ez dion sekretu bat du, eta sekretu horrek Aneren eta bere lagunen arteko harremanari eragingo dio. Zergatik zaintzen du Zuzenek Naia? Guztiek dute zalantza hori, eta erantzuna jakin arte inork ez du Naiarekin harremanetan egon nahiko.

Markelek beteranotzat du bere burua, eta, Jontxurekin batera, udalekuko neska guztia bereganatu nahiko ditu. Baina Jontxuk behin eta berriz ihes egingo dio Markeli, berak ere sekretu bat baitakar udara honetan Basakabira.

Elik eta Garik urte osoa eman dute WhatsApp bidez hizketan, baina, aspaldiko partez, elkarrekin egoteko aukera dute orain, eta lehen unetik nabari da bien artean zerbait berezia dagoela. Baina itxurak gordetzeko beharra dela medio, sekretuan gordeko dituzte euren arteko sentimenduak.

Mikelek Basabakin jarraitzen du lanean. Haizea, berriz, Australiara joan da bertan urtebete ematera. Egunero hitz egiten dute telefono bidez, baina urruneko harremanei eustea ez da erraza izaten.

Hori guztia gertatzen den bitartean, Zuzenek arazo larri bat du: aurten inoiz baino ikasle gutxiago etorri dira Basakabira, eta elkartea ez dago pozik udalekuak hartu duen norabidearekin.

'Go!azen' aplikazioa

'Go!azen' telesailak aplikazio propioa du martxan jada. Android eta iOS sistema eragileak dituzten mugikorretarako garatu da, eta APP Store eta Play Store dendetan dago eskuragarri. Erabat doakoa da, eta denda horietan "Go!azen" edota "EiTB" idatzita, oso erraz aurkitu daiteke.

Aplikazio horretan beste inon ikusiko ez diren edukiak izango ditu eskura erabiltzaileak: Altxor ezkutua bideo bereziak. Horiek ikusi ahal izateko, ostiraleko emanaldia ikusi beharko dute jarraitzeek oso adi, astero egun horretako emanaldian eskainiko diren kode batzuen bidez soilik desblokeatu ahal izango baitira bideoak.

Hala ere, berrikuntza nagusi moduan, denboraldi honetan fikzioa telesailetik bertatik harago eramango da. Aplikazio horren Go!atsapp atalaren bidez, pertsonaia nagusiek dituzten elkarrizketak eta haiek lagunekin partekatzen dituzten bideo eta argazkiak ikusi ahalko dituzte aplikazioa jaisten duten erabiltzaileek.

Horrez gainera, telesailaren atal guztiak eta karaokeko bideoak ere ikusi ahalko dira aplikazio horren bidez.