Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

CASTING-AREN INFORMAZIOA

'Go!azen' telesaila denboraldi berrirako aktore bila dabil

A.A. | EiTB

Casting prozesua zabalik dago. Hautagaiek bideo bat igo behar dute webgunera bere burua aurkeztuz, zergatik aurkezten diren adieraziz eta abesten edo dantzatzen dakitela erakutsiz.

Euskal Telebista eta Pausoka ekoiztetxea 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria prestatzen hasi dira eta lehen pausua Basakabira joango diren ikasle berrien pertsonaiak beteko dituzten aktoreak bilatzea izango da. Bide horretan casting prozesua zabaldu da.

Aktore lanetan aritu nahi duten 16 eta 22 urte arteko gazteei zuzendutako castinga izango da hau eta, prozesuan zehar, interpretatzeko, abesteko eta dantzatzeko dituzten gaitasunak erakutsi beharko dituzte.

Prozesu horrek hainbat fase izango ditu. Lehenengoan, telesailaren webgunera bideo bat igorri beharko dute hautagaiek. Telesailak eitb.eus-en duen Castinga atalean (eitb.eus/goazencasting) duzue prozesu horri buruzko informazio osoa (baldintzak eta lege oharrak barne) eta bideoak eta datuak bidaltzeko formulario bat jarri da.

Hautagai bakoitzak bideo bat edo gehiago igo ditzake, euskaraz aktore lanak egiteko daukan gaitasuna erakusteko. Bertan honakoa egiteko eskatzen da: norbere burua euskaraz aurkeztu, 'Go!azen'en zergatik egon nahi duen adierazi, gaur egungo pertsonaietatik nor ikusten duen beretzat egokiena esan eta abesten edo dantzatzen badakiela erakutsi.

Honako bideo formatu hauek onartzen ditu formularioak: .avi, .mov, .mp4, .flv, .mpeg, .3gp eta .mkv. Iraupen mugarik ez dago. Horrez gainera, horizontalean grabatuta egotea eskatzen da.

Bideoak jasotzeko epea martxoaren 3an amaituko da.

Prozesu honen hurrengo fasean aurrez aurreko castingak egingo dira. Lehendabizi proba handi bana egingo da Bilbon eta Donostian. Ondoren, casting gehiago egon daitezke, harik eta beharrezko aktoreak aurkitu arte. Webgunera bideoak bidali dituzten hautagaiei proba horietan parte hartzeko deia egin dakieke.