Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

ETB1en

Seguran ekingo dio 'Herri Txiki, Infernu Handi'k denboraldiari gaur

A.A.

EiTB

Euskal Herriko herri txikiak bisitatuko dituzte Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak gaurtik aurrera ikusgai izango den saioan.

2:07

Gaur gauean -urriak 4- ekingo dio 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak denboraldi berriari, Gipuzkoako Goierri bailaran kokatuta dagoen Segura herria bisitatuz. Aurreko denboraldian bezala, Euskal Herriko herri txikiak bisitatuko dituzte Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak, herri horietako bizimodua eta batez ere herrietako pertsonak ezagutzeko. Herri txiki, infernu handi esaera zaharra hankaz gora jarriko dute gure bi aurkezleek, herri horiek gordetzen duten xarma berezia ikus-entzuleei erakutsiz.

Hamar herri bisitatuko dituzte denboraldi berri honetan. Orain arte bezala, elkarrizketak egin eta herria ezagutu ostean, Zuhaitzek eta Pagadik bakarrizketa egingo dute herritarren aurrean, bizitako esperientziaz. Aurten ere, gainera, Sebastian Lizaso bertsolariak herriaren nortasunari eta berezitasunei buruzko bertsoak abestuko ditu.

'Herri Txiki, Infernu Handi'k ikus-entzuleen babesa izan zuen lehen denboraldian. %7,4ko kuota eta 118.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen bataz beste euskaldunen artean.

22 izan ziren urtarriletik ekainera bitartean ezagutu zituzten herrixkak, eta orotara, 300 lagun inguru elkarrizketatu eta ezagutu zituzten Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak iparralde zein hegoaldean.

Aurten ere gogotsu datoz, gure herri txikietako istorioak ezagutu eta abentura dibertigarriak bizitzeko helburuarekin. Irailean ekin zieten grabaketei eta dagoeneko Segura, Arbizu eta Mañaria bisitatu dituzte. Seguran grabatutakoa izango da emitituko diren 10 saioetatik aurrenekoa, gaur, 21:45ean, ETB1en.

Lehen atala

Haurdun dauden emakumeek, herriko kale batean zintzilik dagoen olio-lanpara bat pizteko ohitura dute, eta ohitura hori ikertuko du Pagadik. Eliza barrutik ezagutzeko tartea ere hartuko du, eta bertan gordetzen diren Aste Santuko irudiekin sorpresa bat baino gehiago izango du. Elizako ganbaran, Segurako prozesio ospetsuan herritarrek janzten dituzten traje eleganteak ikusiko ditu, eta tentazioari ezin eutsiz, horietako bat jantziko du. Herriaren kanpoaldean, zelai handi batean, barraskilo granja batean ibiliko da animalia horien bizitza ezagutzen, eta ondoko baserri batean, ardiei ilea mozten.

Zuhaitzek segurar guztien urtebetetze egunak ezagutzen dituen emakume batekin solastatuko da bere etxeko atarian. Segura Irratiko entzule fidela da emakume hori, eta harekin egon ondoren, irratiaren egoitzara hurbilduko da bertako esataria ezagutzera. Kalean, edozein medikuk baino osasun aholku gehiago ematen dituen herritar bat ezagutuko du, baita egunero egunero baserritik herrira bere moto zaharrean jaisten den gizona. Horrenbeste berriketak, egarritu egingo du Zuhaitz eta taberna batera sartuko da eztarria bustitzera. Bertan ezagutuko du Segurako korneta-jole ospetsuena. Eguna bolo-jokoan amaituko du Euskal Herriko trontza zorrotzaile onenarekin eta haren lagunekin.

Ez ahaztu, beraz! Seguran grabatutako saioa gaur izango da ikusgai, 21:45ean, ETB1en!