Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Fruiz, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EiTB
Bizkaia aldean nahasiko dituzte bazterrak Zuhaitz eta Pagadik.
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren emankizunean Bizkaia aldean nahasiko dituzte bazterrak gaur Zuhaitzek eta Pagadik, zehazki, Fruizen.
Pagadik Luis Mari ezagutuz hasiko du eguna. Fruizko bake epailea da bera eta herriari buruzko makina bat kontu dakizki. Bere esanetan, fruiztarrek izaera bohemioa dute eta beti ei daude prest parrandarako. Rosamarirekin, berriz, etxeko lanak modu dibertigarrian egiteko teknika berezia ikasiko du Pagadik. Hain zuzen ere, etxeko lan bakoitza egiteko, musika mota bat erabili ohi du. Dela trikitixa, dela Pavarotti, dela Amaral, Rosamarik beti du musika bat lan bakoitzerako.
Javi ere ezagutuko du Pagadik, Etxetxikerre baserriko bizilaguna. Bertako hamaiketakoak herri osoan dira ezagunak, batetik, egunero egiten ohi direlako eta hurbiltzen den ororentzat irekita daudelako bertako ateak. Javiz gain, Joxerra, Agus, eta Juan Carlos ere ezagutuko ditu Pagadik. Eguna bukatzeko, Xabi ezagutuko du Pagadik, garagardo artisauen maitale eroa. Xabik Fruizko iturriko ura baliatzen du garagardo artisaua etxean egiteko: Zarrabeer garagardoa. Barietate bitxiak dira bere ekoizpenak, besteak beste, Dragoi Bolako Son Goku pertsonaiari eskainitako garagardoa ekoizten baitu.
Zuhaitzek, bere partetik, Begoña eta Jesus ezagutuz hasiko du eguna. Bizipoza alderik alde darion bikotea da haiek osatzen dutena. Begoñaren bizipozaren sekretua dantza egitea omen da. Maite ditu tangoa eta pasodoblea. Jesus, berriz, Fruizko bizilagunik edadetuena da eta pozik bizitzeko sekretu bat ere badu: Begoñaren esanetan, "erdiko aldaka" primeran dabilkio.
Federiko ere ezagutuko du Zuhaitzek, bizi osoa kamioilari lanetan eman duen bizilaguna. Gazteagoa zenean ordu luzez aritzen zen errepidean garraio lanak egiten. Dioenez, lauzpabost egunez lo egin gabe ere egon da bolante aurrean, eta, oraindik ere hunkitu egiten da kamioiari darion pasioaz mintzatzean. Nievesekin, berriz, herriko ile-apaindegian txanda eskatzeko modu bitxia zein den ezagutuko du Zuhaitzek. Telefonorik erabiltzen ez duenez, herritarrek autoko bozina joz eskatzen dute txanda ile-apaindegian. Azkenik eta bukatzeko, Pedro ezagutuko du, Ameriketan hainbat kriskitin-suge bere akabatu zituen herritarra.
Historia hauek eta gehiago,gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.