Hitzetik hortzera
Bertso saioa
Txotx irekiera, Mañukorta eta Larrañaga, 'Hitzetik Hortzera'n
A. C.
Erredakzioa
Astebete gehiagoz bertsolaritzan murgilduko gara saioan. Oraingoan Sarasola sagardotegira, Markinara eta Oñatira egingo dugu bidaia.
Aste honetako "Hitzetik Hortzera" edukiz josita dator. Txotx irekieran egongo dira, Greogorio Larrañaga Mañukorta eta Anjel Larrañagarekin. Gainera, Oñatiko jaialdiko bertsoaldi onenak izango ditugu ikusgai. Dena, ostiral iluntzean zein igande eguerdian, ETB-1en.
Esan bezala, Sarasola sagardotegian egongo da saioa txotx denboraldia irekitzen. Mañukorta eta Anjel Larrañaga bertsolariak dagoeneko ohiko gonbidatuak dira ekitaldi honetan eta aurten ere ez diote huts egin. Giro ederra jarri zuten bi bertsolariek eta kupela taldeak (Larrañagaren taldea hain zuzen). Gainera Jon Artano aurkezleak solasaldi patxadatsua ere izan du Mañukortarekin honen sorterrian, Markinan.
Bestalde, Oñatiko jaialdiko bertsoaldi onenak ere emango ditugu. Bertan Mirari Sagarzazuk emandako gaiei zukua atera zieten Aitor Mendiluzek, Unai Iturriagak, Andoni Egañak, Amets Arzallusek, Julio Sotok eta Maialen Lujanbiok.
Ohi bezala, Hitzetik Hortzera ostiralean 21:00etan eta igandean 15:00etan emango da, ETB-1en. Interneten berriz, eitb.comen eta Eitb Nahieranen jarraitu daieteke saioa.