Itxi

Irabazi arte

Irabazi arte

Irabazi arte

Komiki interaktiboa

Euskarazko lehen komiki interaktiboa, "Irabazi Arte!"ren unibertsoan girotuta

EITB Media

Nerea Loiola idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak sortutako "Irabazi Arte: Iraganeko mamua" komiki digitala app formatuan dator, eta Androiden eta iOSen play storeetan dago eskuragai. EITBLab-ek sustatutako ekimena da.

0:45
Irabazi Arte komiki digitaleko irudia

EITBk euskarazko lehen komiki interaktiboa abian jarri du "Irabazi Arte!" telesaila arrakastatsuaren unibertsoan girotuta. Pantailetan scroll eginez, "Irabazi Arte: iraganeko mamua" narratiba berri honetan barrena murgiltzeko aukera izango dugu bizitasun handiko bineta interaktiboen bidez. Komiki digitala app eran dago eskuragai Android eta iOSen play store-etan.

Abentura honetan Printzesek, lehen aldiz, etxetik kanpoko torneo batean parte hartzeko aukera izango dute. Bidaia horretan, besteak beste, Irene Paredes futbol izarra ezagutzeko aukera izango dute, eta hainbat partida jokatuko dituzte. Baina zelai barruko urduritasunaz gain, zelai kanpoko zailtasunak gainditzen ere ikasi beharko dute. Mugikor eta sare sozialen erabilera desegokiak bizipen korapilatsuak eragingo baitizkie. Prest egongo al dira horrelako erronkei aurre egiteko?

Nerea Loiola idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak sortu dute komiki interaktiboa, ALAI argitaletxearen eskutik. EITBLab idea eta eduki berrien laborategiak sustatutako ekimena da eta mundu mailan, komikien bizilekuetako bat den webtoon plataformaren arrakastan oinarrituta abiatu dute proiektua.

Hartara, "Irabazi Arte!" formatu berri honek urrats bat gehiago emango du eta erabiltzaile gazteei interakzio aukera ezberdinak eskainiko dizkie, webtooneko komikiek eskaintzen ez duten aukera hori garatuz. Besteak beste, protagonistek istorioan entzungo duten musika entzuteko aukera izango dute erabiltzaileek, aipatuko diren pertsonen edo gertakarien inguruko informazioan sakondu ahal izango dute eta komikian aurrera egiteko, istorioaren garapenaren inguruko galderak erantzun beharko dituzte.  Lehen fasean kapituluak euskaraz eta katalanez eskainiko badira ere, laster beste hizkuntza batzuetara zabalduko da esperientzia eta klik bakar batekin komikiaren hizkuntza aldatzeko aukera izango dute.

"Irabazi Arte!" multiplataforma eskaintza zabala

"Irabazi Arte!" telebistatik haratago doan fenomeno transmedia bilakatu da, multiplataforma eduki eskaintza zabalarekin. Telesailaren telebistako emanaldiaz gain, Youtube kanalean eta "Go!azen"en appan ere emititzen da telesaila eta EITB Nahieranen atal guztiak daude ikusgai.

Gainera, ostiraleko atalarekin bat eginez, Arene eta Nora protagonistak fikziotik errealitatera salto egin eta "Irabazi Arte!" podcasta eskaintzen dute astero EITBPodkast atarian, lehen mailako kirol munduko gonbidatuekin. 

Bestalde, ikus-entzunezkoaren eskaintza digitala borobiltzeko, eitb.eus-eko bere atarian, sare sozialetan (Instagram eta TikTok) eta "Go!azen"en APPan telesailaren eduki esklusiboak, aurrerapenak eta jarraitzaileei zuzendutako erronkak daude.