Itxi

Itxi Liburuak

Itxi Liburuak

Itxi Liburuak

Estreinaldia, gaur, ETB1en

'Itxi Liburuak'ek Euskal Herriko aurpegi ezagunak Historiako irakasle bihurtuko ditu

EiTB

Gaur estreinatuko den saioa Gaizka Arangurenek aurkeztuko du. Lehen atalean, Onintza Enbeita gonbidatua Donostiaren suntsiketaz arituko da.

0:29
'Itxi liburuak' saio berria

'Itxi Liburuak' saioa estreinatuko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur gauean. Zer dakite gure famatuek Euskal Herriko Historiaz? Gai izango al dira Historiako klase ahaztezin eta ezberdin bat emateko? Hori guztia erakusten saiatuko da Gaizka Aranguren kazetari eta Historia dibulgatzaileak aurkeztuko duen saioa.

'Itxi liburuak' saio berrian, Euskal Herriko aurpegi ezagunek erronka 'historiko' bati egin beharko diote aurre: klase oso baten aurrean sorpresaz sartu, eta ikasleen aurrean Historiako klase dibertigarri bat ematea.

Gure aurpegi ezagunek nahi baino denbora gutxiago izango dute irakaspena menderatzeko, eta klasearen erronkari aurre egin ahal izateko, adi jarraitu beharko dituzte Gaizka Arangurenek prestatuko dizkien irakaspenak. Izan ere, denboraren faltan, famatu bakoitzak bere armak atera beharko ditu txirrina jo aurretik klasetik 'bizirik' ateratzeko. 

Gure historiako pasarte garrantzitsuenak ikasteko aitzakian, barre-algarak ziurtatuta daude saio dibertigarri honetan. Izan ere, zeinek esan du Historia aspergarria dela?

Gaizka Aranguren kazetari eta Historia dibulgatzaileak aurkeztuko du saioa. Pasioz bizi du Historia, eta komunikatzaile bikaina da. Historia umore handiz guztiek ulertzeko moduan azaltzeko gaitasuna dauka. Berak eramango du kapitulu bakoitzeko famatua ikasketa prozesu honetako aditu eta ikerlarienganaino. Halaber, Historia gaiari buruzko azalpen eta ariketa praktikoak emango dizkio Arangurenek gonbidatuari.

Ikasgela

Saioaren bereizgarri handienetakoa ikasgela izango da. Unibertsitate bateko gela hori kameraz beterik egongo da, protagonista guztien, famatuaren zein ikasleen erreakziorik ez galtzeko.

Astero, Euskal Herriko aurpegi ezagun bat izango dute gonbidatu; kultur, kirol eta telebista arlokoak, besteak beste. Oraingoz honako hauek izango dira protagonista:  Onintza Enbeita eta Jon Maia bertsolariak, Garbiñe Biurrun epailea eta Iñaki Perurena harri-jasotzailea.

Gaiei dagokienez, lehen gonbidatuaren erronka, Onintza Enbeitarena, hain zuzen ere, Donostiaren 1813ko suntsiketari buruzko ikasgaia ematea izango da. Iñaki Perurenari, berriz, Historiaurreaz aritzea egokituko zaio, eta Garbiñe Biurrunek Elkano eta lehen mundu birako datu guztiak eman beharko ditu. Azkenik, Jon Maia bertsolariak Amaiurko gaztelua izango du hizpide.

Onintza Enbeita eta Donostiaren suntsiketa

Lehen atalean, Onintza Enbeita kazetari eta bertsolaria izango da gonbidatua, eta Donostian 1813an izan zen setioa eta ondorengo suntsiketa izango ditu hizpide.

Klasea behar bezala prestatzeko, Onintzak gaiarekin lotutako hainbat espazio eta lagun ezagutuko ditu. Donostia 1813an nolakoa zen ulertzeko, esaterako, hiriko txokolategi ospetsu bat bisitatuko du, eta setioaren aurrekariak eta zergatiak ulertzeko, berriz, besteak beste, Urgull mendira eta Bretxa merkataritza zentrora eramango du Arangurenek.

1813ko abuztuaren 31n gertatutako sarraskia behar bezala ulertzea ez da hain erraza izango. Horretarako, Onintzak gau ilun hartako gertakariak bizitzeko aukera izango du, baita biktimen testigantzak irakurtzekoa ere.

Bestalde, Donostiako danborradak 1813ko suntsiketarekin zein harreman duen behar bezala argituko dute saioan, Arangurenek eta Onintzak ezagutuko dituzten herritar eta adituen bitartez.

Sorpresa, abentura eta une dibertigarri zein hunkigarri horien guztien ostean, Enbeitak Historia ikaslez betetako ikasgela bati egin beharko dio aurre. Zein izango da emaitza? Lortuko al du ikasgaia behar bezala irakastea?

'Itxi Liburuak' ostegun gauero izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.