Izan Ginelako
22:30ean
Olaeta Ballet konpainia, gaur gauean, "Izan Ginelako" saioan
EITB Media
Olaeta Ballet konpainia hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du "Izan Gineko" saioaren bigarren atalak.
Gaur gauean Olaeta Ballet konpainia izango da "Izan ginelako" saioko protagonista. Josune Ariztondok gidatutako programan Segundo Olaeta izango dute hizpide nagusi, eta Euskal Herriko dantza klasikoa eta antzinako dantzak bateratzeko egin zuen lanaz arituko dira.
Segundo Olaeta musikaria, koreografoa, ikertzailea eta euskal folklorearen zabaltzailea izan zen gerra aurretik, baita gerra ostean ere. Euskal Herrian neska-mutilen lehendabiziko taldea sortu zuen. Halako batean, berrogei umerekin erbestera joan behar izan zuen, baina urrun zegoela ere, euskal dantzekin jarraitu zuen.
Hemeretzigarren mendean jaio izan arren, gaur egungo belaunaldientzat erreferente nagusienetariko bat da. Haien artean, Jon Maya dantzariarentzat, adibidez. Garazi Egiguren dantzariaren ikuspuntua eta testigantza hunkigarriak ere bilduko ditu programak. Bestalde, Cecilia Mintegiak eta Lourdes Olaetak, Segundoren alabek, gerran zein erbestean bizi izan zituzten bizipenak kontatuko dituzte. Horrez gain, Jone Goirizelaia, Segundo Olaetaren ikasle ohia, eta Iñaki Goiogana, Sabino Arana Fundazioaren artxibo-zaindaria, ere programan izango dira. Beste protagonistetako bat Lide Maguregi Olaeta izango da, Segundo Olaetaren biloba. Lidek aditu eta lekukoen hitzak entzuteko aukera izango du.
"Izan ginelako" saioa gaur gauean izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.