Itxi

Izarrak kalean

Bigarren edizioa

Sara Alonsok irabazi du 'Izarrak Kalean' saioko final handia

L. P.

eitb.eus

Aramaioko gazteak Aritz Mendiola, Maria Ereña eta Sergio Hernandez garaitu, eta finalerako txartela eskuratu du. Nahia Martinez izan du aurkari final handian.

10:57

Aramaion bizi den 16 urteko Sara Alonso izan da Euskal Telebistako 'Stars. Izarrak Kalean' saioko bigarren edizioko final handiaren irabazlea. Sarak pianoa jotzen du, eta abeslari profesionala izatea gustatuko litzaioke.

Lehenengo finalerdia

Aurtengo final handia Donostian izan da. Lehenengo norgehiagokan Aretxabaletako Beñat Arizabaleta, Atarrabiako Iñaki Ainciburu eta Claudia Rodriguez bikotea, Leire Tejada basauritarra eta Beasaingo Nahia Martinez aritu dira lehian. Lehenengoak Nena Daconteren 'Tenía tanto que darte' abestia aukeratu du finalerako. Ostean, The Police taldearen 'Every breath you take' abestia kantatu du Leirek Donostiako agertokiaren gainean. Programako bikote bakarrak 'Ain't no mountain high enough' kanta klasikoaren aldeko apustua egin du, eta, amaitzeko, beasaindarrak Gatibu taldearen 'Euritan dantzan' kantaren bertsio bat interpretatu du.

Lau emankizunak bukatuta, publikoak bota dituen txanponak zenbatu dituzte Alex Sarduik eta Maria Amolategik. Beñatek 12,57 euro irabazi ditu, Leirek 21 euro, Iñakik eta Claudiak 15,35 eta Nahiak 63,83. Nahiak kaleko jendea konkistatu du bere bertsio gozoarekin, eta, horrekin batera, baita finalerako txartela eskuratu ere.

Bigarren finalerdia

Bigarren finalerdian, Aritz Mendiola gernikarra, Sodupeko Maria Ereña, Sergio Hernandez irundarra eta Aramaioko Sara Alonso izan dira aurrez aurre. Aritzek Bob Dylanen 'Knocking on heaven's door' kanta abestuz hasi da horien txanda. Ondoren, Mariak Mariah Careyren 'Without you' balada erromantikoa interpretatu du. Sergiok Coldplay rock taldearen 'Viva la vida' aukeratu du finalerdiko lehiarako, eta Sarak itxi du txanda, La Oreja de Van Gogh talde donostiarraren 'Inmortal' kantarekin.

Abestu ostean, txaponak biltzeko garaia ailegatu da. Aritzek 16,76 euro jaso ditu, Mariak 15,83 euro, Sergiok 16,26 eta Sarak 33,53. Donostiak argi izan du erabakia, eta Sarak finalerako bigarren txartela eskuratu du.

Final handia

Finalerdietako tentsioak atzean utzita, final handia heldu da. Nahia Martinez eta Sara Alonso nor baino nor gehiago aritu dira publikoaren aurrean. Beasaingo gazteak Ken Zazpi taldearen 'Bihotz' abestia kantatu du final handian, eta Vendettaren 'Ekainak 24' aukeratu du Aramaiokoak.

Irabazlea kaleko jendeak aukeratu behar izan du, bien emanaldia adi-adi entzun ondoren, txanponak bataren edo bestearen kutxan botata. Azkenean, Nahiak 33,76 euro batu ditu, eta Sarak 38,54 euro. Beraz, Aramaiokoa da euskal ahotsik onena eta 'Stars. Izarrak Kalean' lehiaketaren irabazlea.