Jateko Modukoa
22:30etan
Gabonetako errezeta eta egunero jateko moduko platera, gaurko "Jateko Modukoa" saioan
EITB Media
Uxue, Ekhiñe eta Iraia izango dira Paula gonbidatuarentzat kozinatuko duten sukaldariak. Klaudio Landak aurkeztuta, sukaldaritzaren bidez jende berria ezagutzeko aukera dute astero parte hartzaileek.
Klaudio Landak aurkeztutako "Jateko Modukoa" saioaren atal berri bat izango dugu ikusgai gaur gauean parte hartzaile berriekin. Oraingoan, Uxue, Ekhiñe eta Iraia izango dira Paula gonbidatuarentzat kozinatuko duten sukaldariak. Ohi bezala, menu osoa dastatzeko aukera izango du Paulak: lehen bi platerak berak proposatutakoak; eta postrea, berriz, sukaldari bakoitzaren aukerakoa.
Paulak, baina, ez die lan erraza jarriko sukaldariei: lehen errezetarako, etxean eguberritan falta ezin den platera eskatuko die; eta bigarrenerako, berriz, egunero-egunero jango lukeen jakia. Sukaldariek zailtasunei aurre egin beharko diete, errezetarik gabe kozinatu beharko baitituzte bi platerak. Postreak, ordea, etxetik ekarritako errezetarik onenak izango dira; hori bai, ezustekoa hartuko dute Paula gozozalea ez dela jakiten dutenean.
Gonbidatu gisa, Paulak erabakiko du nor den lehen begi kolpean gehien gustatu zaiona. Gainera, bigarren platera kozinatzen duten bitartean, sukaldariek hitzordu bana izango dute berarekin. Ekhiñe eta Uxue hitzorduetan aurrea hartzen saiatuko dira, biek prestatu baitute sorpresa bana Paularentzat.
Klaudio Landa
Plater bakoitza nork prestatu duen jakin gabe probatu eta ebaluatu beharko du dena gonbidatuak, eta, Paula dasta-gelan dagoen bitartean, hiru sukaldariek berriketa gelatik jarraituko dute prozesua, eta puntuaketak handik ikusi ere.
Astero bezala, amaieran, jakirik gustukoenak prestatzea lortu duen sukaldaria hobeto ezagutzeko aukera izango du gonbidatuak afari batean. Orduan jakingo dugu gehien gustatu zaion sukaldaria izan ote den jateko moduko plater gehien prestatu dizkiona. Bat egingo al dute?
"Jateko Modukoa", Klaudio Landak aurkeztuta, ostegunero 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.
Jarraipen zabala sare sozialetan
Telebistako eta webguneko emisioarekin batera, presentzia zabala du programak sare sozialetan Instagram, Twitter eta TikTok kontuen bidez. Hala, nola ez, Twitterren jarraipena egingo zaio programa emititzen den bitartean, eta Instagramen eta TikToken ere jarraipen aktiboa egin zaio programari, eduki gehigarriak eskainiz.
"Jateko Modukoa" saioaren webgunea
Sareetan:
Instagram: jatekomodukoa_etb
Twitter: JatekoModukoa
TikTok: @jatekomodukoaetb
Atal guztiak biltzen dituen playlist berezia EITBren YouTube kanalean: youtube.com/EitbEus