Itxi

Memoria Eraikiz

Memoria Eraikiz

Memoria Eraikiz

Gaur, 22:30ean

Memoria, bizikidetza eta giza eskubideen gaineko 'Memoria Eraikiz' ikus-entzunezko lana estreinatu du EITBk

EITB Media

"Memoria Eraikiz" proiektuak lau ataleko dokumental sorta, lau podcast eta bi bideopodcast eskainiko ditu. EITB eta Gogora Institutuaren arteko aliantzaren baitan sortu den proiektua da eta askatasun, berdintasun eta giza duintasun balioak leheneratzeko eta sustatzeko helburua du.

1:23

EITBk "Memoria Eraikiz" ikus-entzunezko proiektua estreinatu du. Lau atalez osatutako dokumental sorta da eta ETB1en eta ETB2n izango da ikusgai. Proiektu transmedia hau EITB eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuaren arteko aliantzaren baitan sortu da, memoria eta giza eskubideen sustapena bultzatzeko.

"Memoria Eraikiz" egitasmoak askatasun, berdintasun eta giza duintasun balioak leheneratzea eta sustatzea du helburu. New Media ekoiztetxeak sortutako proiektuak lau ataleko dokumental sorta, lau podcast eta bi bideopodcast eskainiko ditu.

Ostegun gauean, ETB1en eta eitb.eus-en estreinatu zen "Memoria Eraikiz" ikus-entzunezkoaren lehen atala, 22:30ean, eta egun berean lehen podcasta izango da entzungai EITBPodkast plataforman. Datorren azaroaren 29an estreinatuko da dokumentala ETB2n.

Atal bakoitzak gai ezberdin bat landuko du. Lehenengoa, Ahots beldurraraziak / Voces intimidadas, urte luzez mehatxupean, eskoltarekin eta anonimotasunean bizi izan ziren PP eta PSE alderdietako zinegotzien eta haien senitartekoen testigantzak bilduko ditu. Gainera, aditu eta politikari ohiekin egoeraren inguruko solasaldia eskainiko du, euskal gizarteak egoera horren aurrean hartu zuen jarrera aztertzeko asmoz.

Bigarren atalak, Euskal rock erradikala?! / Rock vasco ¿¡Radikal?!, garai hartako euskal rock abestien letrak gaur egungo ikuspegitik aztertuko ditu eta helarazten zituzten mezuen gaineko hausnarketa egingo du. Lehen atalean bezala, gaiaren inguruko solasaldia eskainiko du saioak.

Hirugarren atalak, Ahanzduratik ateratzen/ Saliendo del olvido, polizia-indarkeria izango du ardatz. Uztailaren 28ko 12/2016 legeak aitortutako hiru biktimaren bizipenak gogora ekartzearekin batera, kasu horien ebaluazio komisioa osatu duten aditu, auzitegi mediku, psikologo eta arduradunen testigantzak jasoko ditu.

Laugarren atala, Emakume fusilatuak. Oroimen absentea / Mujeres fusiladas. Memoria ausente, Juana Mir kazetariaren historia hartuko du hizpide. Gerra Zibilean fusilatu eta hildako emakumeez hitz egingo dute Mirren istorioa abiapuntu hartuta. Horrela, Gerra Zibilaren datu-basea genero ikuspegitik aztertuko dute. Orain arte ia ikusezin izan diren ia mila emakumeren kasuak atera ditu argitara datu base horrek.

Belaunaldi berriekin solasaldia, bideopodcast bidez

"Memoria Eraikiz" dokumentalak lehengo bi atalekin lotura izango duten bi bideopodcast eskainiko ditu. Julen Hernandez youtuberrak hausnarketarako tarte bat zabalduko du belaunaldi berriekin. Gazteek gertaera haiei buruz duten ikuspegia ezagutzea eta eztabaidarako tartea zabaltzea izango du helburu.

Bestalde, dokumentalaren atal bakoitzarekin, aldi berean, podcast berri bat estreinatuko da EITBPoskast atarian. Bertan, saioaren eduki aipagarrienak landuko dira eta parte hartu duten aditu eta protagonisten profil zehatzagoak eskainiko dira, euren ikuspuntua hobeto ulertu eta hausnarketarako gonbitea helaraziz. Jesus Artetxe kazetariak gidatuko ditu Memoria Eraikiz podcastak.

Bestalde, "Memoria Eraikiz" proiektuak eitb.eus-en izango duen webgune berezian (eitb.eus/memoriaeraikiz) emanaldi bakoitzeko gaiak landu eta atal bakoitzeko testigantzak, bideoak eta argazkiak jasoko dira. Halaber, EITB Nahieran plataforman ikusgai izango dira eduki guztiak.