Itxi

Sukaldaria

Sukaldaria

Sukaldaria

22:00etan

Beasainen izango da 'Sukaldaria' saioaren gaurko atala

EiTB

Bertakoen istorioak ezagutzeaz gain, bere familiaren oroitzapenak eta anekdotak jasoko ditu Joseba Arguiñanok.

0:26
'Sukaldaria' saioa.

'Sukaldaria' saioaren gaurko atala Goierrira joango da, Beasainera, hain zuzen ere. Joseba Arguiñanok, bertakoen istorioak ezagutzeaz gain, bere familiaren oroitzapenak eta anekdotak jasoko ditu, bere aitaren jaioterria baita Beasain.

Antzinako aztarna ugari ditu Beasainek, baita historia handiko langintzak ere. Saskigileen ogibidea bizirik mantentzen duen horietako bat Iñaki Agirrezabala da. Matxinbenta auzoan dauka tailerra, eta Joseba berarekin egongo da otzara bat egiteko prozesu guztia ikusten. Gainera, saskigileak barraskiloak saltsan prestatuko dizkigu bere amaren errezetari jarraituz.

Pagorriaga baserriko istorio berezia ere ezagutuko du gure sukaldariak, eta, aldi berean, inguruko espazio naturalaz gozatzeko aukera izango du, Agustin Linazasoro eta Ainhoa Garmendia baserritarren eskutik. Naturarekin guztiz lotuta dagoen bizimodua dauka bikoteak, eta, beren bizilekua erakusteaz gain, inguruan duten orein-taldearen berri emango digute.

Beasainen egonda, ezin ditugu albo batera utzi odolki ezagunak, eta Arguiñano odolki txapelketa gehien irabazi duen Olano Harategian izango da. Bertan, odolostea egingo du Josema Olano eta Ixabel Imazen laguntzarekin. Eta odolkien erreginarekin egingo du Josebak, gainera, azken errezeta: orein solomoa odolki hostopilarekin. Platera prestatzearekin batera, Arguiñanotarren familiaren hainbat bitxikeria gogora ekarriko dituzte, Ixabel Josebaren amamaren lagun-mina baita.

Saio osoan zehar jaten ibili ostean, kirol apur bat egiten jarriko dugu gure sukaldaria. Arku tiroan ibiliko da Beasaingo arku-tiro taldeko kideekin. Juanito Lizarralde astero entrenatzen da Salbatore auzoan duten zelaian, eta Arguiñano bertan arituko da, Robin Hood arkulariaren antzera. Gogor entrenatu ondoren, nola ez, jatordua helduko da, eta Beti-Bizi elkartean bazkari berezia prestatuko diote: Kokotxak muxilekin.

'Sukaldaria' asteazkenetan izaten da ikusgai 22:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.