Itxi

Sustraia

ETB1en eta ETB2n

"Sustraia" saioak denboraldi berriari ekingo dio asteburu honetan

EITB Media

30 urte baino gehiago daramatza emisioan, eta lehen sektorearen eta landa zein itsas eremuen aldeko apustuari eusten dio. Horretarako, nekazaritzaren, abeltzantzaren eta arrantzaren inguruko erreportajeak eta aktualitatea dakartza astero.

  • "Sustraia" saioaren irudi berria

    "Sustraia" saioaren irudi berria

"Sustraia" saioak denboraldi berriari ekingo dio asteburu honetan Euskal Telebistan, eta irudi berritua dakarkigu gainera. 30 urte baino gehiago daramatza emisioan, eta Euskadiko lehen sektorearen eta landa zein itsas eremuen aldeko apustuari eusten dio programak. Horretarako, nekazaritza, abeltzantza eta arrantza jorratzen dituzten erreportajeak eta aktualitatea dakartza astero. Ohi bezala, larunbatetan izango da ikusgai ETB1en, 12:30ean; eta igandetan, berriz, ETB2n, 11:45ean. Bi emisioak eitb.eus-en ere jarraitu ahalko dira.

Programak gure lurraldeko nekazaritza- eta arrantza-ekoizpena erakustea eta sustatzea du helburu, elikadura-kate osoaren garrantzia azpimarratuz. Horrela, elikagai bakoitzaren atzean dagoen lanaren balioa helarazi nahi du, elkarte profesionalen, ikerketa- eta kudeaketa-zentroen, bokaziozko eta ongi trebatutako profesionalen eta industria eraldatzaile moderno eta lehiakorren jarduna nabarmenduz. Horren guztiaren emaitza kalitatezko elikagaiak dira, osasungarriak, trazabilitatea bermatua eta behar bezala etiketatua dutenak. Horien ekoizpena metodo eta teknika jasangarriei eta ingurumena errespetatzen duten teknikei lotuta dago, denboraldi berri honetan ere erakutsiko duten bezala.

Gainera, basogintza-sektorearen gaurkotasuna ere pantailara ekarriko dute, eta lurraldea kudeatzeko ekimenak ere hizpide izango dituzte, parke naturalak eta eremu babestuak zein gure herri txikien aberastasunak ezagutaraziz.

Belaunaldi-erreleboa, formazioa arrantza sektorean eta abeltzainen arteko akordioa, lehen saioko gaiak

Denboraldi berriko lehen programa Zaldibiako Mendizabal Untxia abeltegira egindako bisitarekin abiatuko dute. Ander izeneko gazteak kudeatzen du etxaldea, eta belaunaldi-erreleboaren gaia jorratuko dute. Izan ere, lehen sektorean gazteek eta emakumeek duten paperaren berri eman eta horren garrantzia sustatzea ere bilatzen du "Sustraia"k.

Horrez gain, aste honetan Hondarribiko Itsas Etxean egindako arrantza sektoreko formazio-jardunaldia landuko dute, eta Hareko izeneko programaren aurkezpenarekin bukatuko dute emanaldia. Abeltzainen arteko akordio bat da, Euskadin behi-okelaren presentzia bermatzeko, zigilu ekologikoarekin, supermerkatuetako linealetan. Elikadura-kateek, administrazioek, abeltzainen elkarteek eta banatzaileek laguntzen dute.

Denboraldian zehar, "Sustraia" saioak ohiko gaiei eutsiko die lehen sektorearen informazioaren berri emateko, etengabeko eraldakuntzan eta modernizazioan egon arren belaunaldiz belaunaldi balore tradizionalei ere eusten dien sektorearen aktualitatea jorratzeko.

"Sustraia" larunbatero izango da ikusgai, 12:30ean, ETB1en; eta igandetan, 11:45ean, ETB2n. Bi emisioak eitb.eus-en ere jarraituko ahalko dira. Ondoren, EITB Nahieran plataforman ere izango dira.