Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Osasun publikoaren ikasgaia, aste honetako "Teknopolis"en
EiTB
Norbanakoaren osasunak eragina duelako gizartearenean eta alderantziz, osasun publikoa hartuko dute hizpide aste honetako saioan.
-
Iñaki Leturiak aurkezten du "Teknopolis". EiTBko bideo batetik lortutako irudia.
Epidemiak ez dira gauza berria, eta historialariek ederki dakite hori. Aste honetako "Teknopolis" saioan, historian izan diren epidemietatik aintzat hartu beharreko irakaspenak errepasatuko dituzte. Historian izandako epidemia handiak gogora ekarriko dituzte, eta epidemien agerpen eta desagerpenez hitz egingo dute Anton Erkorekarekin, EHUko Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoko zuzendariarekin.
Osasungintza publikoaren beharrizanak eta funtzioak ere lekua izango dute saioan. Eider Abasolo Osasun Publikoko irakasleak eta Iñigo de Miguel Bioetikan adituak gizartearen eta norbanakoen kudeaketaz hitz egingo dute, helburua osasun publikoa bermatzea denean.
Urak ere zeresan handia du osasun publikoan; izan ere, uraren bidez erraz hedatzen dira hainbat gaixotasun. Horregatik, erabakigarria da ur edangarria eta saneamendu egokia izatea herrialde baten ongizatea bermatu nahi bada. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Elena Aspichuetak balioan jarriko du ura.
"Teknopolis" larunbatetan izaten da ikusgai ETB1en, 13:30ean, eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en jarraitu ahal izango ditugu.