Teknopolis
13:30ean
Pedal eta arraun kolpeka arituko da "Teknopolis" saioa aste honetan
EiTB
Saioak kirolzaleen mesederako teknologia izango du ardatz eta txirrindularitzaren eta arraunaren alderdi teknologikoa jorratuko du. Gainera, aste honetan abiatuko da "Koronabirusaren gakoak" atala.
-
Iñaki Leturia, "Teknopolis" saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB.
Aste honetako "Teknopolis" saioak teknologia izango du ardatz, kirolzaleen mesederako teknologia, hain zuzen. Zale asko biltzen ditu bai txirrindularitzak eta bai arraunak, eta kirol horien alderdi teknologikoa ikusiko dugu.
"Gailurretako zoroak" deitzen diete euren buruei ezagutuko ditugun txirrindulariek. Mendateetan gora joatea gogoko dute, eta, gainera, igo ahala maldak neurtzen dituzte; ondoren, altimetriak egin eta grafikoak beste txirrindulari batzuekin konpartitzen dituzte. Txirrindularitzara afizionatzeko beste modu bat.
Arraunak ere ez du afizionaturik falta eta, horien gozamenerako, teknologiak erabat irauli du kirol hori ikusteko era azken urteetan. GPSa, semaforo-sistema, bideo-finisha… Arrauneko epaileen lana errazteko jarri ziren, baina ikusleak izan dira teknologiaren aurrerapena gehien eskertu dutenak.
Aste honetan abiatuko da "Teknopolis"en "Koronabirusaren gakoak" izeneko atala. Gaixotasunaren epe luzeko ondorioez, hau da, COVID-19 iraunkorraz arituko da Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea.
"Teknopolis" larunbatean, urriak 3, 13:30ean ETB1en izango da ikusgai, eta igandean, urriak 4, 13:45ean, ETB2n. Bi emankizunak eitb.eus-en bidez ere jarraitu ahal izango dira.