Teknopolis
13:30ean
Altzoko Erraldoiaren arrastoei segika, aste honetan, "Teknopolis" saioan
EiTB
Horrez gain, saioa Jaizkibelgo aztarnategi batera joango da eta "Koronabirusaren gakoak" atalean aerosolak izango dituzte hizpide Ana Galarraga dibulgatzailearekin.
-
Altzoko Handiaren hezurrak. Argazkia: Elhuyar Fundazioa
Aste honetako "Teknopolis" saioa fikziotik errealitaterako bidaia bat izango da. Izan ere, uda honetako aurkikuntzarik handiena izan da Altzoko Handiaren hezurrak lurpetik atera tzea. Kondairaren itzalean zegoen Migel Joakin Eleizegiren irudia gorpuztu dute aurkitutako hezurrek, eta bidea eman dute gizon gazte hura erraldoi bihurtu zuen gaitza ikertzeko. Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoaren eskutik, hezurren aurkikuntzak ekar dezakeen ezagutza zientifikoaren berri izango du saioak. Bestalde, Sonia Gaztambide Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko endokrinologoarekin akromegalia edo gehiegizko hazkuntza pairatzen duten pertsonak ezagutuko ditu.
Garai bateko pertsonen arrastoei segika, atzerago egingo du saioak denboran, eta Jaizkibelgo aztarnategi batera joango da. Ez da ohiko aztarnategia, batetik, maskortegi bat delako, eta, bestetik, marea biziak bertaraino iristen direlako. Hortaz, EHUko arkeologoek garaiz miatu ezean, itsasoak eramango ditu hango aztarnak.
Aste honetako "Koronabirusaren gakoak" atalean denon ahotan dabiltzan aerosolak izango dira hizpide. Ezagutzen ditugun transmisio-moduak eta horiei aurre egiteko hartu beharreko neurriak azalduko ditu Ana Galarraga Elhuyarreko dibulgatzaileak.
Iñaki Leturiak aurkeztutako "Teknopolis" saioa larunbatean, urriak 31, izango da ikusgai, 13:00ean ETB1en eta igandean, azaroak 1, 13:35ean ETB2n. Bi saioak eitb.eus bidez ere ikusteko aukera izango da.