Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

13:30ean

Itsasoko eta lurreko basoak izango ditu hizpide "Teknopolis"ek aste honetan

EITB Media

Horrez gain, Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak botiken eraginaz hitz egitean erabiltzen den terminologia argituko du.

  • Plentziako Itsas Estazioa

    Plentziako Itsas Estazioa. Irudia: EITB Media

Basoak izango dira protagonista aste honetako "Teknopolis" saioan. Aldaketa klimatikoak basoei eragiten die bereziki, baita itsasoko landareek osatzen dituztenei ere. 

Itsas hondoak hilzorian daude. Ondorio horretara iritsi dira Euskal Herriko Unibertsitateko Bentos ikerketa-taldeko kideak. Hamarkada luzez aztertu dituzte itsaso-hondoak, eta duela urte batzuk ugariak ziren alga-basoak desagertzen ari direla egiaztatu dute. Abrako itsas adarrera lagin bila egin duten irteera batean lagundu die saioak azken urteetan euskal kostaldean izan diren gorabeherei buruz hitz egiteko.  

Lehorreko basoak ere ez dira gutxiago, eta horiei ere aldaketa klimatikoak bete-betean eragiten die. Hala ere, basoek badute defentsa-mekanismo bat aldaketa horri aurre egiteko: egoera berriari egokitzea. Hazi Fundazioa Euskal Herriko basoen bilakaera aztertzen ari, da eta uste du baso-kudeaketa jasangarria tresna eraginkorra izan daitekeela klima-aldaketari aurre egiteko.

Bestalde, asteroko Koronabirusaren gakoak atalean botikak izango ditu hizpide Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak. Botiken eraginaz hitz egitean terminologia garrantzizkoa da. Besteak beste, efikazia, efektibitatea eta efizienzia hitzak erabiltzen dira. Antzekoak badirudite ere, bakoitzak bere esanahia dauka. 

Saioa amaitzeko, kostaldera itzulita, Oihane Diaz de Cerio Euskal Herriko Unibertsitateko biologoarekin hizketan arituko dira Plentziako Itsas Estazioan. Bere arrainik gogokoena korrokoia da, eta konbentzituta dago, lehenago ala beranduago, euskal herritarrok korrokoia jaten bukatuko dugula. Aste honetan "Atariko Proba"ri aurre egin beharko dio.

"Teknopolis" saioa larunbatetan izaten da ikusgai, 13:30ean ETB1en, eta igandean, 13:35ean, ETB2n. Bi emankizunak eitb.eus bidez jarraitzeko aukera ere izango da.