Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Pentsamendu kritikoa hizpide, aste honetan, "Teknopolis"en

EITB Media

Agustin Arrieta UPV/EHUko filosofia irakaslearekin arituko dira eta Elhuyarrek pentsamendu kritikoa bultzatzeko asmoarekin sortu dituen ekintzak eta materialak ezagutuko dituzte.

  • Pentsamendu kritikoa "Teknopolis"en.

    Pentsamendu kritikoa "Teknopolis"en. Irudia: Elhuyar

Gogorra da norberaren usteak zalantzan jartzea, baina beharrezkoa. Aste honetako "Teknopolis" programan horretarako tresna eta gako batzuk emango dituzte. Izan ere, pandemia-testuinguru honek areagotu egin du informazioa eta iritziak bereizteko zailtasuna, eta horrek inoiz baino beharrezkoagoa egiten du pentsamendu kritikoa. Agustin Arrieta UPV/EHUko filosofia irakaslearen arabera, gure usteen gaineko zaintza egin behar dugu, eta kalitate handiko justifikazioak bilatu behar ditugu pentsatzen dugunaz ziur egoteko. Elhuyarrek ere, gizarte kritiko eta irizpideduna bultzatzeko xedearekin bat eginez, hainbat ekintza eta material kaleratu ditu pentsamendu kritikoa garatzen laguntzeko.

Asteroko Koronabirusaren gakoak atalean covid-19a gainditzen laguntzen duen ohitura bat izango du ahotan Ana Galarraga Elhuyarreko dibulgatzaileak: ariketa fisikoa.

Industria 4.0 azkar ari da garatzen, eta lanbide heziketako ikasleak bultzada bat emateko prestatzen ari dira. Tknikak, Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko zentroak, ERP bat sortu du: aplikazio-multzo bateratu bat, fabrikazio mekanikoko tailerrak eta ikasleen ikasketa-prozesuak batzeko. Ikasleak fabrikazio digitalizatuan trebatzen dira eta, etorkizunean, lan egingo duten lantokietara digitalizazioa eramaten lagunduko dute. Bidasoa lanbide-heziketako zentroa bisitatu du "Teknopolis"ek, tresna hori bertatik bertara ezagutzeko.

"Teknopolis" larunbat honetan izango da ikusgai 13:30ean ETB1en eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en jarraitu ahal izango ditugu.