Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Amaraunak eta arkitektura, aste honetan "Teknopolis" saioan

EITB Media

Armiarma sareez arituko dira Aranzadi elkarteko entomologoekin eta etxeen eraikuntzaz Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako bi irakaslerekin.

  • Iñaki Leturia Aranzadi elkarteko entomologo batekin

    Iñaki Leturia Aranzadi elkarteko entomologo batekin. Argazkia: Elhuyar Fundazioa

Aste honetako "Teknopolis" programan bi eta zortzi hankako arkitektuak izango ditugu protagonista. Arkitekturan ohikoa omen da animaliek egindako egiturak inspirazio-iturri izatea, armiarma-sareak edo amaraunak, esaterako. Eta ez da harritzekoa, ikusita zenbat egitura-mota ezberdin egiten dituzten, funtzio eta helburu ezberdinetarako. Horietako batzuk ikusteko asmoz, Aranzadiko entomologoekin osteratxo bat egingo dute eta amaraunen egituren sekretuak ezagutuko dituzte, sortzen dituzten zeta-mota ezberdinak aztertu eta gizakiok armiarmen 400 milioi urteko bilakaera horretatik ikasi eta kopiatu duguna deskubrituko dute.

Armiarmak amaraunak belaunaldiz belaunaldi hobetzen joan diren gisara, bi hankako arkitektuak ere eraikin geroz eta handiagoak egiteko teknikak hobetuz joan dira azken mendeetan. Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako bi irakaslerekin bide horretan gainditu behar izan ziren zailtasunez eta konponbideez hitz egingo dute, eta, nola ez, etorkizuneko etxeorratzak eraikitzeko erronkei buruz ere bai. 

Programa osatzeko amaraunei buruzko hamaika bitxikeria jasoko dituzte, hala nola, kilometro luzeko sare erraldoiak edo amaraun baten fosil zaharrena. 

"Teknopolis" programa larunbatean izango da ikusgai ETB1en 13:30ean eta igandean, 13:35ean ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en jarraitu ahal izango dira.