Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Ikerketaren egoera aztertuko dute aste honetako "Teknopolis"en

EITB Media

Besteak beste, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendaria eta Aran García-Lekue zientzialaria elkarrizketatuko dituzte.

  • Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendaria "Teknopolis"en

    Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendaria "Teknopolis"en

Aste honetako "Teknopolis" programan ikerketaren egoera aztertuko dute. Euskadiko ikerketari buruzko txostena argitaratu berri da, eta datuez gain, horien atzean dagoena ezagutzeko Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendariarengana jo dute. Duela 14 urte sortu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, ikerketa zientifikoa indartzeko Ikerbasque fundazioa. Urte hauetan, fundazio horrek munduko ikertzaile bikainak erakarri ditu eta atzerrian diharduten euskal ikertzaileak berreskuratzen saiatu da. Helburua da Euskadi ikerketan lehiakorra izatea da eta etorkizunerako prestatzea. 

Ikerketarako tresnak ezinbestekoak dira, eta inbertsio handia eskatzen dute. Horietako bat ezagutuko dugu: Biofisika institutuan egun hauetan martxan jarriko duten kriomikroskopio elektronikoa. Azken belaunaldiko ekipamendu zientifiko hori bakarra da Europa Hegoaldean, eta bizitzaren oinarrizko molekulen egitura ikertzeko erabiliko dute bertako zein kanpoko ikertzaileek.

Programa honetako Atariko probara Aran García-Lekue gonbidatu dugu. Liverpooleko eta Berkeleyko unibertsitateetan lanean aritu ondoren, Ikerbasquek fitxatu du Donostia International Physics Center-era etortzeko. Atomoak banan-banan manipulatzen ditu, Lego piezen modura, molekula eta material berriak sortzeko. Erronkak maite ditu, eta lanean ez dagoenean surfean aurkituko dute fisikaren legeei aurre egiten. Atariko proban ere zutik mantentzea lortuko al du?

"Teknopolis" gaur izango da ikusgai 13:30ean ETB1en eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en jarraitu daitezke baita ere.