Txoriene
Gonbidatuak
Gosari mundialak eta Alberdi harategikoak, aste honetan, 'Txoriene'n
A.A.
EiTB
Kirolarien egunean, Pablo Zubizarreta Durangoko fisioterapeuta etorriko zaigu, eta Lyongo plater tipikoak ezagutuko ditugu asteazkenean.
-
Zigor Iturrieta, 'Txoriene'ko aurkezlea
Pablo Zubizarreta fisioterapeuta, Aritz Urdanpilleta kirol elikaduran aditua, Sebastien Boulnois frantziarra, Alberdi harategikoak? Aste honetan ere, gonbidatu interesgarri ugari izango ditu Zigor Iturrietak 'Txoriene' saioan. Euren proiektuei buruz hitz egiteaz gain, sukaldean nola moldatzen diren eta zer prestatzen dakiten erakutsiko digute denek.
Astelehenetan, kirolariak izan ohi dira gonbidatu ?Txoriene?n, euren elikadurari buruz hitz egiteko. Aste honetan, kirolarekin zuzeneko lotura duen Pablo Zubizarreta fisioterapeuta durangarra etorriko zaigu. Fisioterapia eta kirolarien zainketa hizpide dituzten bitartean, plater hauek prestatuko dituzte: txitxirio eta txibi entsalada epela, eta urraburua izkirekin, hurrekin eta zerba ozpin-olioarekin.
Astearteak adituen egunak izan ohi dira. Oraingoan, Aritz Urdanpilleta kirol elikaduran aditua izango dugu saioan; gosariaren garrantzia azpimarratu, eta gosari mundialak prestatzeko aukerak erakutsiko dizkigu: kinoa krepeak, gaztanber freskoarekin eta masusta marmeladarekin, banana eta txia opiltxoak eztiarekin, eta olo pasteltxoak eta ogi txigortu tostadak kafesnearekin.
Atzerrira egin dugu jauzi asteazkeneko saioan; izan ere, Sebastien Boulnois frantziarraren bisita izan dugu ?Txoriene?ko sukaldean. Haren eskutik, Lyongo plater tipikoak ezagutu ditugu, txahal blanquettea eta garrapiñatu arrosa bizkotxoa.
Ostegunean, Alberdi harategiko Txema Alberdi hartu du Zigor Iturrietak sukaldean. Durangon du harategia, eta euren dendan eskaintzen dituzten hainbat berezitasun egin ditu ?Txoriene? saioan: Alberdi odolosteak, odolosteak bexamelarekin eta haziguruinak, onddoekin eta otarrainxkekin.
Ostiralean, berriz, bere kasara arituko da Zigor Iturrieta sukaldean, eta honako plater hauek prestatuko ditu: muskuiluak papillote eran, bakailao kauserak saltsa tartariarrarekin eta txokolate frijitua, algarrobo-leka saltsarekin.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan, egoten da ikusgai "Txoriene", eitb.eus-en eta ETB1en.