Txoriene
Gastronomia saioa
Scooterrak, MUko ikasleak eta Aikur erle museoa, asteon, 'Txoriene'n
A.A. | EiTB
Horiez gainera, Jabier Agirre medikua eta Bergarako Sirimiri jatetxea ere izango ditugu Zigor Iturrietarekin sukaldean.
Aste honetan, Aikur erle-museoko eztia, Irungo scooterrak, Mondragon Unibertsitateko proiektuak eta Bergarako Sirimiri jatetxea ezagutzeko aukera izango dugu 'Txoriene' saioan. Horiez gain, Jabier Agirre medikua beste hainbat gomendiorekin etorriko zaigu.
Astea hasteko, Irungo El Establo Pirata kirol elkarteko bi gaztetxo etorri dira 'Txoriene'ra, scooter free style kirolaz hitz egiteko. Amaiur Arizabalo eta Ibai Barberia maisuak dira dagoeneko kirol mota honetan, eta, horren berri ematearekin batera, sukaldean nola moldatzen diren erakutsi dute zainzuriak nagusi izan diren saio honetan. Zainzuriak bi saltsatan, zainzuri zopa, txokolate zuri krematsua eta gazta eta marrubi irabiakia prestatzen ikasi dute Zigor Iturrietarekin.
Asteartean, Jabier Agirreren txanda izan da. 'Txoriene'ko adituen saiora sarri etorri ohi den medikua dugu Jabier. Oraingoan, kafea, arrautzak eta onddoak eta perretxikoak izan ditu hizpide. Horien onurak eta kalteak ezagutu ditugu, eta hauek prestatu dituzte: porru-patatak arrautzekin eta untxi errea perretxikoekin eta orburuekin.
Astearen erdira iritsita, Mondragon Unibertsitateko Aintzane Agirre eta Erlantz Yeregi ezagutu ditugu ETB1eko saioan. Ekintzailetza ikasten ari dira, eta, beste hainbat kiderekin batera, Meikkin Europe izeneko egitasmoa jarri dute martxan: gazteak Europan zehar bidaiatzeko proiektu berezi bat. Egitasmo horren berri eman dute 'Txoriene'n, eta, bide batez, Europako bi plater prestatu dituzte: Bitterballen, Herbehereetako jaki tipiko bat, eta saltxitxak azarekin eta patata purearekin.
Ostegunean eztia izango da nagusi Zigor Iturrietaren saioan. Urretxuko Aikur erle-museoko Josune Epelde eta haren semea Aitor Otegi etorriko dira saiora. Aikurreko erleek sortzen dituzten produktuak emango dituzte ezagutzera, eta eztiarekin egin daitezkeen bi plater prestatuko dituzte: txitxirioak arrozarekin eta eztiarekin eta galeperrak ezti-saltsan perretxikoekin.
Ostiralean, Bergarako Sirimiri jatetxearen txanda izango da. Hasteko, jatetxean bertan egiten duten bermuta prestatuko dute, eta, ondoren, bi plater berezi: udare nemak gazta kremarekin eta errukularekin eta galeper eta perretxiko arroz krematsua.
Plater berriak prestatzen ikasi nahi izanez gero, 'Txoriene' ikusi, astelehenetik ostiralera, ETB1en eta eitb.eus-en, 15:00etatik aurrera.