Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

ETB1en

'Txoriene' saioaren denboraldi berria hasi da

EiTB

Aurten, ohiko kolaboratzaileei lagun berri bat batuko zaie: Idurre Azkune pediatra.

  • Zigor Iturrieta

    Zigor Iturrieta. Argazkia: EiTB

'Txoriene' saioak denboraldi berria abian jarri du. Astelehenetik ostiralera, eguerdiko 'Gaur Egun' albistegiaren ostean, sukaldean eta tertulian aritzeko hitzordua izango dugu Zigor Iturrietarekin. Aurtengo berrikuntza nagusia Idurre Azkune pediatraren presentzia izango da. Lehendik ezagunak ditugun kolaboratzaileei batuko zaie. 

Zigor Iturrietak astearteetan izaten du adituen bisita 'Txoriene'n. Esparru ezberdinetako gaiak jorratzea da helburua, eta urtez urte, kolaboratzaile sare zabala osatu du: Silvana Huegun, dietista eta nutrizionista; Jabier Agirre, familia medikua; Amaia Castorene, Apetitu-ON blogeko arduraduna; Gorka Gereño, sukaldari makrobiotikoa; Amaia Larrea, belarretan aditua, eta Horacio Chacin, gozogilea. Idurre Azkune medikuak etxeko txikienen zainketari buruzko argibideak ekarriko dizkigu denboraldi honetan. 

Astelehenetan, orain arte bezala, kirolariak etorriko dira. Aitor Zubieta pilotari ohia eta Iñigo Garmendia K-Strecht metodoan aditua izango dira lehenengo bi asteetako gonbidatuak. 

Asteazkenetan elkarteetako ordezkariei eta artistei zabalduko dizkiete ateak. Aste honetan Fermin Muguruzarekin egongo dira Black is beltza dvd-aren argitalpenaren harira; datorrenean, berriz, Eoalak elkartearen lana ezagutzeko parada izango dugu. Bertako euskal oilo eta antzarak babestea eta berreskuratzea dute helburu. Iker Barato elkarteko kidearekin batera, hegazti ezberdinen arrautzekin hainbat plater prestatuko ditu Zigorrek. 

Ostegunetan errezeta zaharren eguna izan ohi da, belaunaldiz belaunaldi pasa diren ohiturak galdu ez daitezen, eta baratze kontuei ere erreparatzen diete Oier Iurramendi adituaren laguntzaz. Berak kudeatzen du programako baratzea eta bertan ekoiztutako garaian garaiko produktuak sukaldean nola erabili erakutsiko digu. Ostegun honetan, adibidez, kuiak eta luzokerrak aztertuko ditu. Halaber, denboraldi honetan, 'Chiloé, Lasterka Munduan' saioaren bidez ezagututako munduko gastronomia ezberdinetako platerak ere kozinatuko ditu Zigorrek ostegunetan. 

Azkenik, ostiraletan sukaldari eta hornitzaileen lana ezagutzeko parada izango dugu. Irailaren 20an, Oñatin kokatuta dagoen Sanprubusa taberna berezia aurkeztuko digu Jon Mujikak. Irailaren 27an, berriz, baserriko oilaskoa berreskuratzeko lanean diharduen Lumagorri elkarteko Koldo Huegun etorriko da. 

'Txoriene' saioa astelehenetik ostiralera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en 15:00etan.