Udak Dakarrena
21:30ean
Iban Garcia youtuberrak agurtuko du gaur gauean "Udak Dakarrena"ren azken atala
EiTB
Horrez gain, Maddalen Arzallus bertsolaria, Asier Gozategi musikaria, Esti Etxeberria abeslaria, Gorka Iraizoz futbolari ohia eta Nerea Rodriguez solaskideak ere izango dira saioan.
-
Iban Garcia. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
"Udak Dakarrena" saioak gaur gauean esango dio agur aurtengo denboraldiari, Donostiatik zuzenean, Julian Iantziren eskutik. Saio berezia izanik, udako momentu onenen errepasoa egiteko tartea izango da. Horrez gain, euskal panoraman ezagunak diren pertsonen bideoak ere izango dira saioan zehar.
Egun gogoangarri horretarako, hainbat gonbidatu berezi hartuko dituzte platoan. Besteak beste, Iban Garcia youtuber eta influencer ezaguna izango dute, eta ezohiko uda hau nola igaro duen azalduko du. Halaber, Maddalen Arzallus bertsolariarekin ere arituko da hizketan Iantzi.
Bi horiekin batera, Gozategi taldeko Asier Gozategi ere izango da, eta zuzenean joko du trikitia. Musika albo batera utzi gabe, Esti Etxebarria abeslari pasaitarrak ere abesti bat eskainiko dio Iantziri, zuzenean. Horiez gain, Gorka Iraizoz futbolari ohia eta Nerea Rodriguez solaskidea ere azalduko dira azken saioan agur esatera.
Irati Errandonea eta Egoitz Txurruka berriemaileak, beraien aldetik, gora eta behera ibiliko dira azken saioan ere udako plan eta protagonisten bila.
Hori guztia eta gehiago, Julian Iantziren eskutik, "Udak Dakarrena" zuzeneko saioaren azken atalean, gaur, 21:30etik 22:30era, ETB1en eta eitb.eus-en.