Udazken loreak
22:15ean
Pagoetan perretxikotan, gaur gaueko 'Udazken Loreak' saioan
A.H. | EITB
Suhiltzaile talde batekin joango da Iro Landaluze perretxikotan, eta Anjel Alkainek Michelin izarra duen Etxebarri jatetxea ezagutuko du.
Gaurko 'Udazken Loreak' saioan, Zarauzko suhiltzaile talde batekin joango da Iro Landaluze perretxikotan: Ibon, Koldo, Kepa eta Kai. Azken hau ez da suhiltzailea, Ibonen 11 hilabeteko txakurra baizik.
Pagoetako lurretan ibiliko dira, Zarautz, Aia eta Zestoa artean banatzen den parke naturalean. Ibonen lehen aldia izango da perretxikotan, baina Koldo eta Keparen laguntzaz lortuko du goiz atsegin bat igarotzea eta uste baino gehiago ikastea. Kai, ordea, ez da horren gustura ibiliko: nahiago du jolastera joatea perretxikotan ibiltzea baino.
Horrez gain, Angel Alkainek Michelin izarra duen jatetxe bat bisitatuko du beti bezala. Eta osteguneko saioan, munduan sua hobekien menperatzen duen sukaldariarengana joko du: Bittor Arginzoniz Etxebarri erretegiko sukaldariarengana.
'Udazken Loreak' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.