Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Suizidioaz arituko dira 'Ur Handitan' saioan, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Senitartekoren baten edo inguruko norbaiten suizidioa bizi izan duten hainbat testigantza bildu ditu Xabier Madariagak.

0:26
Suizidioaz arituko dira

Urtero 3.600 lagunek baino gehiagok bere buruaz beste egiten dute Espainian. 10 heriotza eguneko. Bi ordu eta erdirik behin, bat. Auto istripuek eragiten duten hildako kopuruaren bikoitza, bestela esanda.

'Suizidio' hitza tabuari eta estigmari lotuta dago gaur egun oraindik, eta, hori dela eta, senitarteko askok ('bizirauleek', haiek euren buruari deitzen dioten moduan) ezkutuan gordetzen dute heriotzaren zergatia, gizarteak epaituko dituzten beldur. Egoera honetan aurkitu diren hainbat pertsonaren testigantzak bildu ditu Xabier Madariagak gaur emango den 'Ur Handitan' saioaren atalean.

Belen Peralesek 38 urte ditu, eta duela 2 urte amak bere burua hil zuen. Buruko gaixotasuna zuen, depresio handia, eta askotan esaten zuen hil egin nahi zuela. Medikuek arreta erakarri besterik ez zuela egin nahi esaten zioten Beleni. Handik gutxira, amak bere buruaz beste egin zuen. Bi urteko doluaren ostean, familia aurrera egiteko moduan dago.

Agustin eta Eva Josebaren gurasoak dira. 2013an inork espero ez zuen berria jaso zuten, beraien bizitza goitik behera aldatu zuen albiste lazgarria: Josebak bere buruaz beste egin zuen, 17 urte zituela. Galderaz beteta utzi zituen Josebaren heriotzak gurasoak, baina tamalez, orokorrean, erantzun gutxi aurkitzen dira suizidioaren aurrean. Gaur egun, euren egoera berean daudenei laguntzeak zentzua ematen die beraien bizitzei.

Markelek bere buruaz beste egin zuen 20 urte zituenean. Lur jota utzi zituen Elena ama eta Iker anaia, baita Carlos osaba ere. Mutiko alaia zen, ikasle fina unibertsitatean, kirolaria, arazorik ez zuen familia bateko kidea. Inork ezin zuen imajinatu bere buruaz beste egingo zenik. Hitzekin azaldu ezin daitekeen hutsunea utzi zuen Markelek etxeko horien artean. Gaur egun, ingurukoek eskaini dieten babesari esker, eta bakoitzak egin duen lanketa prozesu luze baten ostean, itxaropena itzultzen ari da etxera.

Gabriel Gonzalez kazetari nafarra da. Hablemos del suicidio liburua idatzi du komunikabideek orain arte suizidioen berri nola eman duten eta aurrerantzean nola eman beharko luketen jasotzeko. Gure gaurko protagonista askoren lagun egin da, eta ez da 'biziraulea', baina oso gutxik bezala konektatu du dolua bizi duten senitartekoekin.

Aurtengo otsailean Ekai Lersundi ondarroarraren suizidioak oihartzun ikaragarria izan zuen komunikabideetan. 16 urteko mutil transexualarentzat gehiegizkoa izan zen bere identitatea aitortua izateko eta garatzeko egin behar izan zuen ahalegina. Ekairen gurasoekin, Elaxarrekin eta Anarekin, egongo gara. Semearen lekukoa hartu dute transexualitatea estigmatizatzearen kontra borrokatzeko.

Behin gutxi ez, eta Bea Severrek bi aldiz bizi behar izan du senide batek bere buruaz beste egitea. Duela 18 urte, ahizpaordeak hil zuen bere burua. Inork espero ez zuen albistea izan zen. Orain dela bi urte, berriz, aita suizidatu zen, saiakera batzuen ondoren. Urteak zeramatzan arazo psikologikoekin.

Euskal Herrian suizidioaz dakien aditurik baldin badago, Jon Garcia Ormaza da. Zamudioko Ospitaleko psikiatra da, eta gure elkarrizketatu askoren erreferentzia eta babesa.

'Ur Handitan' saioa suizidioaz arituko da gaur, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.