Ur Handitan
22:30ean
'40 urte korrika', gaur, "Ur Handitan - Ahaztu aurretik" saioan
EITB
Korrikaren historian esanguratsuak izan diren pertsonekin izango da Xabier Madariaga.
Gaur gauean, Korrika izango du hizpide "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioak.
1980. urtean egin zuten lehenengoz Korrika, Oñatitik abiatuta. Azaroaren 29a zen, eta elurra ere izan zuten bidelagun kilometro askotan. Orduko hartan, Korrika zoro batzuk martxan jarritako ekimen bat zela uste zuten askok, baina bederatzi egunean Euskal Herria zeharkatzea lortu zuten. Busturialdean, esaterako, jende andana bildu zuen lehen Korrikak. Horri buruzko gogoeta egingo du adibidez Igone Olabarria lehen Korrikaren antolatzailea Busturialdean. Hego Euskal Herrian AEK martxa hartuta zebilen ordurako, baina Ipar Euskal Herrian, beste maila batean lan egiten zuten; euskarak garai xumeagoa bizi zuen. Hasierako Korrikan oso jende gutxi elkartu zen, eta gipuzkoar eta bizkaitarren laguntza izan zuten kilometroak egiteko. Dena den, momentu hunkigarriak ditu gogoan Koldo Amestoy Iparraldean lehen Korrikaren arduradun izandakoak.
Ondoren, AEK eta erakundeen arteko harreman gatazkatsua zela eta, Eusko Jaurlaritzak finantziazioa eten zion Korrikari. Egoera hori salatzeko, AEK-ko irakasle zen Kike Zurutuzak gose-greba egin zuen beste lankide batzuekin batera. Isilpeko negoziazio askoren ostean, 1995an, akordioa sinatu zuten Jaurlaritzak eta AEK-k. Jazoera horri buruz hitz egingo dute Josune Ariztondo orduko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Edurne Brouard AEK-ko koordinatzaile ohiak.
Korrikaren hastapenetan izan zen beste hainbat lagunekin batera Urtsa Errazti. 40 urte atzera eginda, Korrikaren sorreraz eta lehen edizioaz hitz egingo digu euskararen aldeko ekimenaren sortzaileak. Modu horretako ekimen baterako abesti bat behar zuten, eta urte horretan Euskal Herriko txapeldun bihurtutako Xabier Amurizari eskatu zioten horren ardura har zezan. Ongi asko gogoratzen du Berrizko bertsolariak nola egin zioten eskaria eta nola grabatu zuten abestia.
Korrikaren ikur den lekukoak hasieratik izan du berebiziko garrantzia, eta horren historiaz gehiago jakiteko Juan Gorriti eskultore eta zurginarekin izango da saioa. Izan ere, hasierako Korriketako lekukoa Remigio Mendiburuk egindakoa izan bazen ere, gaur egun esku artean Euskal Herria zeharkatzen duen lekukoa Gorritik berak egindakoa da.
Gaur egun, Korrikak gizartean duen babesa inoiz baino zabalagoa da; hain da handia, Euskal Herritik nazioartera ere salto egin duela. 1999an, lehen aldiz egin zuten Korrika Euskal herritik kanpo: Bartzelonan eta Bretainian. Gaur egun, munduko beste hainbat herrialdetan ere antolatzen dute Korrika. Katelin Al Lann elkarrizketatuko dute, eta Bretainiera hizkuntza sustatzeko 2008an estreinakoz ospatu zen Ar Redadeg lasterketaz hitz egin dute. Boisen ere egiten dute Korrika, eta bertako esperientziaz hitz egin digu Itxaso Cayero Boiseko ikastolako irakasleak, berak jarri baitzuen martxan han Korrika lehenbiziko aldiz. Igor Salutregik, azkenik, Edinburgon egiten den Korrikari buruzko ikuspegia eman digu, eta 2017an bizi zuen esperientzia partekatu du.
Korrika izango du hizpide "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioak, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.