Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

Amatasuna aztergai, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Gizarte presioak amatasuna nola baldintzatzen duen aztertuko dute euskal gizarteko hainbat emakumek Xabier Madariagarekin, 'Izan ala ez izan' erreportajean.

0:31
Jaioberria

Noraino gaude baldintzatuta ume bat izan ala ez erabakitzeko garaian? Nahi eta nahi ez, emakume guztiak daude amatasunak gurutzatuta: alde batera edo bestera hartu beharreko erabakia da, eta gizartearen presioa, handia. Ustez librea izan beharko lukeen hautua ez da hain librea. Amatasuna nola bizi duten galdetuko diete euskal gizarteko emakumeei Izan ala ez izan erreportajean, gaurko "Ur Handitan" saioan.

Atzera bueltarik gabeko erabakia da eta horrek ez du hautua errazten: emakume gisa, ama izateko zenbaterainoko presioa izan duten azalduko dute protagonistek. "Umerik gabeko etxea etxe tristea da" entzun behar izan dute gurasoen ahotik. Eta, era berean, amatasunak ingurukoen epaiketa eta kritikarako leiho bat zabaltzen duela ikusi dute, mundu guztia sentitzen dela zilegi besteek hartutako erabakiak zalantzan jarri eta iritzia emateko. 

Gaztetatik, gizarteak emakume orori aurreikusten dio ama izateko desira, baina andre bezala historikoki izandako patua zalantzan jarri dutenen ahotsa ere ekarriko dute. Ikuspegi antinatalista ezagutuko dute, jada gainpopulatuta dagoen planetara gizaki gehiago ez ekartzea erabaki eta bestelako zaintza ereduak aldarrikatzen dituztenena; ama izan gabe ere, zaintza sarea ehundu duten emakumeak ezagutuko dituzte. 

Gazteegia izateagatik zein helduegia izateagatik, amatasunaren gainean hartutako erabakiagatik epaituak izan diren emakumeekin egongo dira. Zilegitasun falta egotzi diete batzuei; haurrak gorrotatzea beste batzuei. Amatasunaren inguruko mito eta idealizazioak ezbaian jarriko dituzte, hain zuzen, gure protagonistek. Eta, tabuak hautsi nahian, esperantzari, minari eta atsekabeari lotutako bideak ere ezagutuko dituzte.

Maider Alustiza, Jone Miren Eguzkiagirre, Itzea Urkizu, Eukene Elordieta, Amets Ajuriagoxeaskoa, Maialen Sagues, Arantza Lasarte, Beatriz Egizabal eta Nahia Alkorta dira Izan ala ez izan bizitzan erantzun beharreko galdera handietako bati ertzak topatzen entzungo ditugun ahotsak. 

Izan ala ez izan erreportajea, gaurko "Ur Handitan" saioan ikusgai, 22:15ean ETB1en eta eitb.eus-en.