Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Prestige' ontziaren hondamendiaren 20. urteurrenaz, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

'Prestige' petrolio-ontziaren hondoratzeak Estatuan inoiz egon den hondamendi ekologiko larrienetako bat eragin zuen. Xabier Madariaga kazetariak gertakaria bertatik bertara bizi izan zuten euskaldunekin gogoratutako du.

0:33
'Prestige' petrolio-ontziaren irudi bat

2002ko azaroaren 19an, Prestige petrolio-ontzia Galiziako kostaldetik oso gertu hondoratu zen. 77.000 tona petrolio zeramatzan, eta horren parte handi batek itsasoan noraezean bukatu zuen; marea beltza izenez ezaguna egin zen. Hasierako egunetan, Galiziako hondartzetara iritsi zen, baina, egunek aurrera egin ahala eta itsasoko korronteek lagunduta, euskal kostalderaino ailegatu ziren orban beltz erraldoiak. Estatuan inoiz egon den hondamendi ekologiko larrienetako bat eragin zuen, eta, aldi berean, hondartzak eta itsasoa garbitzera joandako boluntarioz osatutako uholdea ere ekarri zuen. Hondamendi hartatik 20 urte beteko diren honetan, hainbat euskal herritarrek gertatukoa bertatik bertara nola bizi izan zuten kontatu dute "Ur Handitan" saioko Prestige, 20 urte atalean.

Juan Ramón Santamaría Layuno arrantzale ohi bermeotarrak aitortu du, hasieran, erdi bromatan hartu zuela ontziaren hondoratzearen berria. Baina, egunek aurrera egin ahala eta berriak are eta larriagoak zirela ikusita, konturatu zen gertaera horrek zuzenean eragingo ziela arrantzaleei. Emeterio Urresti Isasi Getariako arrantzale ohiak orban beltz erraldoia ikusi zuen lehen aldia gogora ekarri du; itsasoko ur gardena koipez zikinduta, hildako hegazti eta arrainak ur azalean, fuel usain gogorra…  Marea beltza euskal kostaldera iritsiko zela ikusita, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek egoera aztertu eta, elkarlanean, euskal flota guztia itsasora ateratzea erabaki zuten, eskuz galipota biltzeko.

José Mari Elustondo Sarasola Zumaiako udaltzainen burua zen garai hartan, petrolio-ontzia hondoratu eta komunikabideetan Galiziako kostaldeko lehen irudiak agertzen hasi zirenean. Zumaia eta inguruko herrietako 185 boluntario inguru agertu ziren garbiketa lanetan laguntzeko prest. AZTI, Euskalmet, Eusko Jaurlaritza eta boluntario zein garbitzaileak elkarlanean aritu zirela kontatu dio Madariagari, eta koordinazio hori oso garrantzitsua izan zela azpimarratu du.

AZTI zentro teknologiko eta zientifikoa galipot orbanen jarraipena egiteaz arduratu zen, nondik nora mugitzen ari zen jakiteko. Oihane Cabeza Basurko AZTIko ikerlariak azalduko duenez, lan hori oso garrantzitsua izan zen; izan ere, horri eskerrak, orbanak non zeuden eta egunero nora joan behar zuten jakiten zuten arrantzaleek.

Laida Basurto Mariezkurrena kazetaria Euskal Telebistaren berriemaile berezia izan zen Galizian. Hasiera batean, gobernuak eta hainbat komunikabidek informazio guztiz fidagarria ematen ez zutela kontatu dio saioari, eta horrek galiziar askoren haserrea eragin zuela. Herritarrek benetan gertatzen ari zena kontatzeko eskatzen zietela gogoratzen du.

Askoren iruditegian daude, oraindik ere, Galiziako kostaldean buzo zuriz jantzita aritu ziren ehundaka boluntarioak, eta horietako bat izan zen Irati Martinez Malax-Etxebarria. Biologia ikaslea zen orduan, eta fakultateko ikasle kontseiluak antolatuta, Galiziara joatea erabaki zuen birritan pentsatu gabe.

Fernando Cayuela Camarero nautikan eta itsas garraioan doktorea da. Prestige itsasontzia Galiziako kostaldetik ahalik eta gehien urruntzeko Gobernuaren erabakia okerra izan zela eta itsasontzia egoera onean ez zegoela uste du. Hala ere, epaiketan hori ezin izan zutela baieztatu azaldu; izan ere, ur-azaletik milaka metrora hondoratuta geratu zen Prestige, eta ezin izan zuten behar bezalako ikerketa egin.

Bi hamarkada atzerako begirada egin, eta hondamendi ekologiko honetatik ateratako ondorioak eta irakaspenak landuko ditu Prestige, 20 urte erreportajeak, gaur22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.