Gizartea -
Intxaurrondoko kuartelean
Guardia zibil bat kartzelara, adingabe bati sexu-abusuak egiteagatik
Lankide baten alaba da. 12 urte neskak "arazo psikologiko larriak" ditu eta "hirutan bere buruaz beste egiten" saiatzeagatik birritan ospitaleratu dute.
Erredakzioa
Bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri diote guardia zibil bati 12 urteko neska bati sexu-abusuak egiteagatik Intxaurrondon (Donostia). Horrez gain, 50.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio kuartelean bizi zen adingabeari.
Epaiaren arabera, 2007ko maiatzaren 14an jazo zen. Agenteak adingabearen gurasoak kanpoan zeudela zekien eta neska bere etxera gonbidatu zuen "kume batzuk ikusteko". Neskak baietz esan zion auzipetuarengan konfiantza "osoa" zuelako.
Guardia Zibilaren emaztea eta alaba etxean ez zeudenean joan ziren. Adingabea saski batean zeuden kumeekin jolasteko makurtu zen eta, buelta eman zuenean, gizonezkoa "gerritik behera biluzik" zegoen.
Une horretan, sofan bota zuen agenteak adingabea, bere gainean jarri, barruko arropa kendu eta bortxatzen saiatu zen. Neskak indar egin zuen agentearen aurka, ostiko bat eman zion eta erasotzaileak aske utzi zuen.
Jazotakoa neba zaharrari kontatu zion neskak eta harek amari deitu zion. Amak salaketa jarri zuen fax bidez eta Donostiara itzuli zenean, alabarekin hitz egin eta hasierako salaketaren luzapena aurkeztu zuen.
Ordutik, neskak "arazo psikologiko larriak" ditu eta "hirutan bere buruaz beste egiten" saiatzeagatik birritan ospitaleratu dute.