Mundua
Polemika
Zerbitzu publikoetan 'burka' debekatzea proposatu dute Frantzian
Erredakzioa
Parlamentariek Nazio-biltzarrean aurkeztutako proposamen horren arabera, emakumeek ezin izango dute estalki islamiarra eraman garraioetan, ospitaletan edo eskola publikoetan.
Frantziako diputatuek ''burka'' zerbitzu publikoetan debekatzea proposatu dute. Nazio-biltzarrean, parlamentariek aurkeztu duten txostenaren proposamenik nabarmenena da. Estalki islamiarraren inguruan "erabaki parlamentario" bat egin nahi dute.
Erabaki horren arabera, emakumeek ezin izango zuketen ''burka''rik jantzi administrazioaren aurrean, ospitaletan, garraioetan eta eskola publikoetan.
Andre Gerin diputatuak iragan astean aurreratu zuen aurkeztu duten txostenaren edukia, aurpegia estaltzea "identitatea eta nortasuna ukatzea" dela adierazi zuenean.
Diputatuak adierazi duenez, ikerketak egin ostean, ''burka''ren arazoa "uste baino larriagoa da". Enpresa batzuetan emakumeen janzkerari buruzko arauak jarri dituztela, eskoletan neskak soinketa egitera ez daudela behartuta eta ospitaletan gizon batzuek haien andreentzat emakumezko medikuak exijitzen dituztela jarri du Gerinek horren adibide bezala.
Frantzian 1.900 emakumek, gutxi gora behera, erabiltzen dute janzkera hori.