Itxi

Politika

Europarlamentuan

Hainbat eurodiputatuk 'Egunkaria'ren itxiera salatu dute Bruselan

Erredakzioa

Talde Liberaleko, Berdeetako, IUEko eta Europako Alderdi Popularreko 22 parlamentarik testu bat sinatu dute auziperatutako guztiak askatzea eskatuz.

Europako Parlamentuko lau taldetako zenbait kidek adierazpen bat sinatu dute gaur goizean Egunkaria itxi zutenean Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna urratu zela salatzeko eta auziperatutako guztiak askatzea eskatzeko.

Testuak talde Liberaleko, Berdeetako, Ezker Batu Europarreko eta Europako Alderdi Popularreko 22 parlamentariren babesa jaso du eta prentsaurreko batean aurkeztu dute Oriol Junquerasek (ERC), Raul Romevak (ICV), Ramon Tremosak (CiU) eta Izaskun Bilbao jeltzaleak, besteak beste.

Testuan ebazpenaren zain dauden Egunkaria-ko zuzendaritzako kide ohien absoluzioa eskatu dute eta kalte-ordainak jaso ditzatela, Miguel Angel Carballo fiskalak auzia artxibatzea eskatu zuela gogoratuz.

Martxelo Otamendi bertan izan da

Gainera, Egunkaria-ren itxieragatik atxilotutakoek egin zituzten tortura salaketak Strasbourgeko Giza Eskubideen Auzitegira iritsi direla azpimarratu du Martxelo Otamendik, egunkariaren azken zuzendariak, hain zuzen ere.

Gainera, enpresaren itxiera "konstituzioaren kontrakoa" izan zela esan du, ebazpenik egon gabe itxi zutelako eta gero hasi zirelako ETArekin izan zezakeen lotura aztertzen.