Itxi

Politika

Polizia operazioa

Lau pertsona atxilotu dituzte Ibai Beobiderekin lotuta

Erredakzioa

Hiru Hernanin atxilotu dituzte eta beste bat Seguran (Gipuzkoa). Hernanin atxilotutako bikote bati Ibai Beobide ETAko ustezko kidea ezkutatzea egotzi diote.

Lau pertsona atxilotu dituzte Ibai Beobide ETAko ustezko kidearekin lotuta, Europa Press albiste agentziak terrorismoaren aurkako borrokako iturriak aipatuta jakinarazi duenez. Joan den larunbatean hartu zuen atxilo Guardia Zibilak errepide kontrol batean.

Hain zuzen ere, pertsona bat Hernanin (Gipuzkoa) atxilotu dute, eta emakume bat, Euri Albizu, Segurako taberna batean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez.

Arratsaldean bikote bat ere atxilotu dute Hernanin, Beobide ezkutatzea egotzita. ETAko ustezko kidea bizikletan eta armatuta zihoan Asteasu eta Billabona artean harrapatu zutenean.

Miaketak

Guardia Zibilak Hernaniko eta Segurako (Gipuzkoa) hiru etxebizitza miatu ditu, eta baita Bilboko eta Larrabetzuko (Bizkaia) beste bi ere. Gipuzkoan miatu dituzten etxeak gaur atxilotutako lau lagunenak dira.

Hernaniko bikotearen etxea ere miatu dute guardia zibilek.

Era berean, Hernanin bertan beste atxilotu baten etxebizitza miatu dute eta Seguran atxilotutako emakumearena ere, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez.

Gainera, Deustu auzoko etxe bat miatu dute Bilbon eta beste bat Larrabetzun (Bizkaia).