Politika
Operazioa
ETAren ezkutaleku eta laborategi bat aurkitu dituzte Frantzian
Erredakzioa
Faustino Marcos Alvarez ETAko ustezko kide 'liberatua' Portboun (Girona) atxilotu ostean egindako ikerketei esker aurkitu dute Polizia Nazionalak eta Frantziako Poliziak azpiegitura hori.
Lehergaiak egiteko ETAk erabilitako etxebizitza bat aurkitu dute Polizia Nazionalak eta Frantziako Poliziak, eta baita ETAren ezkutaleku bat ere, Barne Ministerioak jakitera eman duenez. Ezkutalekuan kordoi detonatzailea (7 kilo) topatu dute.
Faustino Marcos Alvarez ETAko ustezko kide ''liberatua'' Portboun (Girona), otsailaren 16an, atxilotu ostean egindako ikerketei esker aurkitu dute azpiegitura hori.
Bussyn topatu duten etxebizitza Faustino Marcosek errentan hartu zuen 2008ko irailetik 2009ko ekainera bitartean, nortasun agiri faltsuak erabilita. Ustez pentrita lehergaia egiteko laborategi gisa erabili zuen Marcosek.
Ezkutalekua Arronnesen
Etxetik gertu, segurtasun indarrek ezkutaleku bat aurkitu dute Arronneseko basoetan, Allierreko departamentuan.
150 litroko edukiera duen plastikozko bidoi urdin batean bi poltsa topatu dituzte, ''Tximista'' hitza idatzita zutela, ETAk kordoi detonatzailea izendatzeko erabili ohi duen hitza, alegia. Kordoiak 196,2 metroko luzera zuen (7,28 kilo).
2009ko abuztuaren 24an, Monclarten, aurkitutako biltegia atxilotuak erabili zuela baieztatu dute ikerketek. Bertan matrikula faltsu ugari atzeman zituen Poliziak.
Beste bost ezkutaleku
Bestalde, Guardia Zibilak ETAren ustezko hiru ezkutaleku topatu ditu gaur goizean Gorbeia mendian eta beste bi Hernanin, albiste-agentzia ezberdinek jakitera eman dutenez. Guztira 83 kilo lehergai atzeman omen dituzte: 75 kilo Gorbeian eta beste 8 Hernanin.