Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

PPk eta Gobernuak Bilduren zerrenda guztiak inpugnatzea adostu dute

Ramon Jauregi Presidentzia ministroak zehaztu du "arrazoi juridikoei" emango dietela lehentasuna zerrendak inpugnatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Federico Trillo PPren Justizia arduradunak esan du PPk eta Gobernuak "ituna" sinatu dutela Bilduren "zerrenda guztiak" inpugnatzeko, ez "kutsatuta" dauden zerrendak soilik.

Onda Ceron adierazi duenez, Guardia Zibilaren eta Poliziaren txostenek "agerian uzten dute hautagaitzak ETAk zuzendutako muntaia estrategikoak" direla.

Trillok uste du "pausoak" eman direla ETA garaitzeko eta Sorturen kasuan Auzitegi Gorenera jotzea PPk eta Gobernuak adostu zutela gogorarazi du.

"Orain azken pausoa geratzen da", ohartarazi du Trillok Bildu koalizioaren harira. Azaldu duenez, Hauteskunde Legeak hautagaitzak bozen ostean inpugna daitezkeela dio, baina PPk "zerrendak eta koalizioa bera" inpugnatzea nahi du.

ANVren esperientziagatik hartu nahi dute neurri hori, orain “etarrak eta etarren lagunak” baitaude erakundeetan eta “lau urte daramatzate erakunde demokratikoetan”.

Trilloren esanetan, ez da berriro horrelakorik gertatuko, oposizioak Gobernuarekin egindako azkenaurreko bileran "zerrenda guztiak" inpugnatzeko aukera "onartu" baitzuen. Horren harira, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren "konpromisoa" omen du eta betetzen ez badute "ondorioak" egongo direla ohartarazi du.

Oinarri juridikoarekin inpugnatuko dute

Ramon Jauregui Presidentzia ministroak zehaztu du Gobernuak inpugnatzeko "arrazoi juridikoak dauden zerrenda guztiak" salatuko dituztela eta "akordio politikoak" baino gehiago "oinarri juridikoak" direla garrantzitsuak.

Jaureguik Senatuan adierazi duenez, ez dauka Trillok iragarritako akordioaren berri. "Gobernuak juridikoki dagokiona egingo du", berretsi du ministroak; izan ere, "akordio batek ezin du txosten juridikoaren oinarria aldatu, inpugnazioak arrazoituak izan behar dira".

Ramon Jaureguik pazientzia eskatu du Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak datozen egunotan pausoak emango dituztelako: "Gobernuak behar duena egingo du eta auzitegiek dagokien erabakia hartuko dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea