Politika -
Aberri Eguna, Gernikan
Urizar: 'Ez dago Bildu legez kanpo uzteko arrazoiketa juridikorik'
Bildu hauteskundeetan indartsu agertuko dela iragarri du Oskar Matutek (Alternatiba). Independentitak taldekoek, bestalde, Aberri Eguna "batasun abertzalearen isla" dela.
Erredakzioa
Bildu "legearen barnean lan egiten ari dela" eta "legez kanpo uzteko arrazoiketa juridikorik" ez dagoela adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak. Hori dela eta, EAk Alternatibarekin eta independenteekin osotzen duen koalizioa legez kanpo uzteko "arrazoiketa politikoak" erabili beharko dituztela gaineratu du Urizarrek.
EAko agintaria Gernikan izan da, Independentistak Sareak antolatutako Aberri Egunean. Bertan, hedabideei egindako adierazpenetan, Bildu maiatzaren 22ko hauteskundeetan egotea galarazteko "arrazoi bat ere ez dagoela" ziurtatu.
Gauzak horrela, koalizioa legez kanpo uzteko "arrazoiketa politikoak" erabili beharko dituztela esan du. "Legez kanpo uztea sostengatzen duenik ez dago, legearen barruan lanean ari baikara", azpimarratu du.
Alternatiba
Oskar Matute Alternatibako bozeramailearen ustez, Bildu indartsu agertuko da maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan.
Honen harian, "koalizioak Euskal Herriaren izatea, existentzia eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun guztiok biltzen gaitu", esan du. "Euskal Herriaren aberrigintza defendatzen ditugu baina euskal eskuin hegemonikoak dituen kriterio oso ezberdinetan oinarrituta".
Independentistak
Independentistak sarea, bestalde, "Aberri Eguna abertzaleen batasunaren festa" izatearekin pozik agertu da.
Ospakizun hori "independentismoaren termometroa" izan behar duela adierazi dute, independentziaren aldekoen "idarra" "euskal gizarteari, estatuei eta mundu osoari" erakusteko.
Manifestazioa, independentziaren alde
Bildu eta ezker abertzaleak milaka pertsona bildu dituzte 12:00etan hasi den manifestazioan. Protestak Gernikako kale nagusiak zeharkatu ditu, ikurriña handi bat eta independentziaren aldeko pankarta aurrean zeramatzatela.
Pello Urizar eta Oskar Matute bertan izan dira, baita EAko Rafa Larreina eta ezker abertzaleko Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia eta Rufi Etxeberria eta LABeko Ainhoa Etxaide.