Politika -
M-22ko hauteskundeak
EAJk itunak egiteko 'eskuak libre' dituela esan du Urkulluk
Jeltzaleen presidenteak azaldu du bere alderdiak "hasiera batean" ez diola instituzio bati ere uko egingo, beste alderdi batzuek "zerrendarik bozkatuenak" ez dituztela errespetatu ikusten duelako.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu Euskadi Buru Batzarreko presidenteak ETBko Egunon Euskadi saioan egindako elkarrizketa batean azaldu du "hasiera batean" ez diola instituzio bati berari ere uko egiten eta gobernatzeko asmoz itunak egiteko "eskuak libre" dituela berretsi du, beste alderdi batzuek zerrendarik bozkatuenak "ez dituztelako errespetatzen".
"Gu itunak egiteko libre sentitzen gara, baina koherentzia bat egotea beharrezkoa da, instituzioek sinesgarritasuna izateko; ez bakoitzak jaso duen boto kopuruagatik, Gobernuak eta programek izan dezaketen zentzuagatik eta gizartearen beharrei emango zaien kudeaketagatik, baizik", azaldu du Urkulluk. Zentzu horretan gogora ekarri du, Eusko Jaurlaritzan PSE-PP alderdien arteko ituna dagoela eta horrek ez duela "Euskadiko gehiengo soziala islatzen".
Era berean, jeltzaleen buruak azpimarratu duenez "denbora asko da Bilduri kanpaina egiten ari zaiola". "Urteak, esango nuke nik, ez Bilduri formula horretan baina bai ezker abertzaleari, Bildu koalizioaren barruan dominatzen duenari, alegia", gaineratu du.
Eusko Alderdi Jeltzaleak Gipuzkoako foru aldundian gobernatzeari uko egingo dion galdetuta, Urkulluk onartu du Gipuzkoan indarra galdu dutela baina, "Gobernu formulei uko egin edo ez erabaki aurretik beharrezkoa da azterketa sakon bat egin eta mahai gainean alderdi politiko bakoitzak dituen proiektuak eta programak jartzea" gaineratu du EBBko presidenteak.