Itxi

CIRCOM

CIRCOM

CIRCOM

EITB 2030 Estrategia

CIRCOM Regionalera joan da EITB, Poloniara, Europako hedabide publikoekin esperientziak partekatzera

EITB MEDIA

EITBren ordezkaritzak Europako eskualdeko telebisten 40. kongresuan hartuko du parte, ikus-entzunezkoen abangoardian egon eta EITBren ekoizpenak nazioartean sustatzeko. Halaber, Prix CIRCOM sarien banaketan, "El Conquistador del Fin del Mundo" eta "Itsatsita" saioak nabarmenduko dituzte.

  • Poloniako Poznan hiria ari dira egiten CIRCOM Regional 2024

    Poloniako Poznan hiria ari dira egiten CIRCOM Regional 2024

CIRCOM Regional Europako eskualdeetako komunikabide publikoen elkarlan sarearen 40. kongresua Poloniako Poznan hirian egingo da maiatzaren 23an eta 24an, Aldaketak eta erronkak lelopean. Bertara joan den EITBren ordezkaritzak Andoni Aldekoa zuzendari nagusia du buru, CIRCOMeko batzorde betearazleko kide ere badena. Aldekoaz gainera, biltzarrean izango dira Ibone Bengoetxea (EITBko zuzendari-kudeatzailea), Isabel Octavio (EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria), Arantza Ruiz (EITB Mediako Albistegi zuzendaria), Joseba Urkiola (EITB Mediako Kirol zuzendaria), Unai Iparragirre (ETBko zuzendaria), Amane Ibañez (EITB Mediako Kirol zuzendariordea) eta Esti Cosano (ETBko Albistegi zuzendariordea).

Alde batetik, sektoreko azken berrikuntzak bertatik bertara ezagutzeko eta Europako beste komunikabide publiko batzuetako profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango dute hitzaldi eta mahai-inguruetan. Bestetik, Prix CIRCOM sarien banaketa ekitaldian parte hartuko dute. Bertan, Unai Iparragirre ETBko programa zuzendariak jasoko du "El Conquistador del Fin del Mundo" saioari emandako saria, Entretenimendu Programa Onenaren kategorian. "Itsatsita" instaserieak ere atal digitalean aitortza jaso du aurten.

EITBk antolatu zuen 2023ko CIRCOM Regionalen kongresua Donostian, We talk, we listen, we share lelopean. Bertan, 20 herrialdetako 200 ordezkarik hartu zuten parte.

EITB orduko lanari jarraipena emateko asmoz doa aurtengo hitzordura: hots, nazioarteko presentzia indartzen jarraitzeko, eta Europako eskualdeko komunikabide publikoen arloan ematen diren azken joeren abangoardian egoteko.

 

 

 


 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea