EiTB MARATOIA
Bizi bedi bizipoza!
EITB Maratoiarekin bat egitea are errazagoa da, Eroskiren zentimo solidarioari esker
EITB
Ostegun honetan hasita, ekarpenak egin ahalko dira Eroski saltokietako ordaintzeko kutxetan. Gainera, ostiral arratsaldean EITB Maratoiaren grabazio seta Artea merkataritza-gunean egongo da, 18:00etatik 20:00etara, bertan "Euskal rock n' roll" twist solidario jendetsua dantzatu ahal izateko.
-
EITB Maratoia 2025
Nagusilan elkarteko boluntarioek grabatutako spot-a estreinatu ondoren, badoa forma hartzen aurtengo erronka solidarioa, eta EITB Maratoia kalera ateratzen hasiko da, grabazio set-arekin. Ostiral honetan, urriak 31, Eroski Artea merkataritza-gunean izango da, 18:00etatik 20:00etara. Izan ere, beste behin ere, Eroskik bat egin du EITB Maratoiarekin, eta, ostegun honetatik aurrera, bere zentimo solidarioa zahartze osasuntsua ikertzera bideratuko da. Ekarpenarekin laguntzeaz gain, grabazio gunera hurbiltzen direnek Niko Etxarten "Euskal rock n' roll" abestia dantzatu ahal izango dute. Ekipo batek irudiak grabatuko ditu, ondoren EITB Maratoiaren webgunean argitaratzeko. Hori guztia, ondo bizitako bizitza luze baten alde.
Izan ere, aurten aukeratutako kausa zahartze osasuntsua da, Bizi bedi bizipoza! lelopean. Modu osasungarrian zahartzea desafioetako bat dugu gizarte eta osasun mailan; eta, horretarako, ezinbestekoa da zahartzaroaren alorrean ikertzen jarraitzea. Gizarte transformazioa helburuetako bat izanik, EITBk gu guztion laguntza lortu nahi du, bizitzari kantu eginez belaunaldiak batuko dituen kanpaina ikusgarri baten bitartez.
Abenduaren 18a izango da aurtengo EITB Maratoiaren egun handia; baina, jada, zabalik dago dirua emateko BIZUMa (dohaintza solidarioa: 33478)
Mugi gaitezen prebentzioaren eta ikerketaren alde, zahartze aktibo eta osasuntsu baten alde


