EITB TALDEA
Zinemaldia
EITB Gala Belodromoan egin da aurten, "Gipuzkoa Hegan" musika eta ikus-entzunezko esperientzia bereziarekin
EITB
1.500 lagun bildu ditu EITBk bertan, parekorik gabeko ikuskizunaz gozatzeko: Fernando Velázquezen zuzendaritzapean, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eta Goikobalu abesbatzaren zuzeneko musika, Olatz Salvadorren emanaldi bereziarekin.
Igande honetan estreinatu du EITBk, pantaila erraldoian, "Gipuzkoa Hegan" lana, "Euskal Herria Hegan" saioaren lehen atala. Donostia Zinemaldiko 73. edizioko EITB Galan izan da, Fernando Velázquezen zuzendaritzapean, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eta Goikobalu abesbatzaren zuzeneko musikarekin. Olatz Salvadorren emanaldi bereziaz ere gozatu genuen.
Ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariak izan ziren, baita politika eta kultura arloko aurpegi ezagunak eta EITBko ordezkaritza zabala ere.



Airez egindako bidaia berezia dugu Gipuzkoa Hegan, udazken honetan ETB1en estreinatuko den "Euskal Herria Hegan" saio dokumentalaren lehen atala. Historia, edertasuna eta berezko nortasuna arnasten dituen lurraldearen sekretuak azaleratuko ditu lanak eta, airetik grabatuta, Gipuzkoako kostaldeko paisaia ikusgarrienak zeharkatuko ditu, isilpean gordetako historiak ezagutarazi, altxorrak bistaratu eta kondairak berreskuratzeko.
Musika funtsezko elementu dugu bederatzi atalez osatutako dokumental-sail honetan, eta atal bakoitzean bi euskal kantari ospetsuren doinuak izango ditugu gozagarri. Miren Gaztañaga antzezleak jarri dio ahotsa kontakizunari eta aktoreak berak aurkeztu du belodromoko emanaldia, Unai Iparragirre ETBren zuzendariarekin batera.


Igandekoa ez da EITBren hitzordu bakarra aurten belodromoan. Izan ere, lehen aldiz, "Go!azen" telesailaren bi emanaldi egongo dira bertan: irailaren 24an eta 26an. Hamabigarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko dute eta, iaz bezala, emanaldiaren aurretik dantzan ikusiko ditugu protagonistak.
Euskal Zinema, Garena
EITB Zinemaldiaren babesle ofizial dugu beste behin eta, jaialdiari babesa ematea ez ezik, euskal zinema sustatu eta indartzea du helburu. Edizio honetan presentzia historikoa izango du euskal zinemak eta, testuinguru horretan, Euskal Zinemaren Gala Handia ezinbesteko hitzordua izango da aurten ere: irailaren 23an egingo da, Victoria Eugenia Antzokian. Gainera, Telebistak eta plataformak gure zinemaren eragile gisa izenburupean, jardunaldi profesionala egingo du EITBk euskal ikus-entzunezko sektorearekin, irailaren 22an.

