EITB TALDEA
EITB 2030 ESTRATEGIA
Gora egin du EITBk sortzen duen balioa, hirugarren Inpaktu-Azterketaren datuen arabera
EITB Media
EITBren eskaintza digitala etengabe garatuz doa 2023tik, eta hori funtsezko faktorea da taldearen eduki-eskaintzarako sarbidea errazteko eta balio-pertzepzioa handitzeko. Herritarrentzat ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa beharrezkoa da, eta bere hurbiltasuna nabarmendu dute.
-
EITBk sortzen duen balioari eta inpaktuari buruzko 2025eko txostena
EITBk herritarrentzat duen balioa eta gizartean sortzen duen inpaktuaren hirugarren azterlanak emaitza bikainak izan ditu. Lehia handiko, zatiketa gero eta handiagoko eta eraldaketa sozialeko ingurune batean, EITBren balio-pertzepzioak gora egin du, eta nabarmentzekoa da gizartean duen barneratze tasa altua. South 180 enpresa suitzarrak egindako txostena dagoeneko eskura dago EITB Taldea atarian.
Aurreko bi txostenen egiturari jarraituz, EAEko eta Nafarroako biztanleek EITBri buruz dituzten pertzepzioak jaso dira, bai ikuspegi indibidualetik, bai gizarte osoarekiko sortzen duen balioa kontuan izanda.
EITBren eskaintza digitala etengabe garatuz doa 2023tik, eta hori funtsezko faktorea da taldearen eduki-eskaintzarako sarbidea errazteko eta herritarren balio-pertzepzioa handitzeko. Herritar gehienek ongi baloratzen dute ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publiko bat egon dadin, eta haien iritziz, beharrezkoa eta garrantzitsua da gizarte osoarentzat. Erabiltzaileen herenek baino gehiagok berez aipatu dute hurbiltasuna dela EITBren hedabideak kontsumitzeko arrazoi nagusietako bat. Askok konpainia-iturri gisa ikusten dituzte, erlaxatzen eta deskonektatzen laguntzen diete, eta eguneroko bizitzarako aholku baliagarriak ematen dizkiete.
Berez, EITBren erabiltzaileek albistegiak aipatzen dituzte erakundearen eskaintza baloratzeko eduki nagusi gisa. Ondoren, kirolak, entretenimendua, musika eta zinema.
Beste behin, kultura, kirola eta prestakuntza balio positiboaren pertzepzio handiena sortzen duten eremuak. Herritarrentzat garrantzitsua da EITBk hiru arlo hauetan egiten duen lana: euskara zaintzen eta garatzen; euskal kirolaren ezagutza, jarraipena eta hari laguntza ematen; Euskadiko zinema- eta fikzio-ekoizpenetan jokatzen duen eginkizun eragilea.
Bestalde, EITBk eragile demokratikoaren rola indartu du. Eremu honetan positiboen baloratu diren alderdiak dira hurbileko informazioa, mundua Euskadiren ikuspegitik ulertzea eta eztabaida publikoa iritzi adituak erabiliz aberastea. 2025ean, gazteek izan zuten EITBk demokraziaren esparruan sortzen duen balioaren gaineko pertzepzioaren hazkunderik handiena.

