EITB TALDEA
GARDENTASUNA
EITBk gardentasuna sustatzen jarraitzen du Europako ereduetara egokitutako Open Data gune berrituarekin
EITB Media
Egindako inkesten eta ikerketen datu-multzoen argitaratzea bat dator orain Europar Batasuneko, Eusko Jaurlaritzako eta Estatuko Administrazioko datu irekien sistemarekin.
-
Open Data gune berritua du EITBk
Euskal Irrati Telebistak (EITB) gardentasunaren aldeko urrats berria eman du, EITB Taldea atariko datu irekien gunean (Open Data) datu-multzoak erakusteko sistema nazioarteko formatu estandarrera egokitu baitu.
Duela hiru urte zabaldu zuen EITBk Open Data espazioa, egindako ikerketa soziologikoetako azterlanak, galdetegiak eta mikro-datu guztiak adituen eta, oro har, herritarren eskura jartzeko. Ezarri den sistema berria dela medio, datu-multzoak modu erakargarriagoan ikusi daitezke eta bat datoz administrazio-maila guztietako ereduekin: hala nola Europar Batasunaren (ingelesezko nazioarteko bertsio batekin), Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren arauekin.
Sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko Europako zuzentarauak lege-esparru bateratua eskaintzen du erakunde publikoen esku dagoen datuen Europako merkatua ezartzeko. Tresna hori barne-merkatuaren oinarrizko zutabeetan oinarritzen da: datuen zirkulazio askea, gardentasuna eta lehia leiala.
Hala, formatu horretan kontsultatu daitezke euskal ikus-entzunezko taldeak urtean zehar egiten dituen ikerlanen txosten osoak eta emaitzen mikro-datuak. Bertan daude EITB Focus inkesta publikoak, herritarrek gaurkotasun gaiei buruz duten iritzia eta boto asmoa jasotzen dutenak. Horrekin batera, EITBri buruzko bi azterlan hauek: batetik, gizartean sortzen duen inpaktua eta balioa neurtzen duena; bestetik, irudia, marka-ezagutza eta balorazioa jasotzen duena.
Halaber, Open Data gune berrian eskura jarri dira EITBren telebista eta irrati kanaletako programen gida elektronikoak (EPG).

