EITB TALDEA
22.edizioa
234.000 lagunek egin zuten bat "El Conquistador" final handiarekin, eta Monty izan genuen bertan garaile
EITB
Gaueko liderra izan zen, eta eguneko saiorik ikusiena 25 eta 44 urte bitarteko ikusleen artean, % 41,1eko kuotarekin. Bereziki esanguratsua Nafarroako datua: audientzia-buru, % 30,1eko kuotarekin. Irailean abiatuko dira hurrengo denboraldirako castingak eta jada izena eman daiteke.
-
Monty, 22.edizioko irabazlea
Montyk merezimenduz eta nagusitasunez irabazi du "El Conquistador" saioaren 22. edizioa, final ikusgarri baten ostean. 234.000 lagunek egin zuten bat atzo Euskal Telebistarekin, Patxi Alonsok, Lur Errekondok eta Julian Iantzik aurkeztutako zuzeneko gala jarraitzeko. Emanaldia liderra izan genuen bere ordutegian eta eguneko saiorik ikusiena Euskadin 25 eta 44 urte bitarteko ikusleen artean, % 41,1eko kuota ikusgarriarekin. Nafarroan ere datu bereziki esanguratsua lortu du: prime-timean nagusi, % 30,1eko audientzia-zatiarekin.
"El Conquistador" saioak amaiera bikaina emango dio aparteko abentura bati, publikoaren aldetik erantzun bikaina lortu duen 22. edizioan: guztira, 1.207.000 lagunek egin dute bat denboraldi honekin ETBn.
ETB2n ez ezik, ETB ONen ere erakutsi du leialtasuna Conquis komunitateak. Atzo gauean bakarrik 22.448 erabiltzailek jo dute EITBren plataformara finala ikusteko eta jada 317.000 dira atalen bat online ikusi dutenak. Orain arte, orotara, hiru milioitik gora ordu kontsumitu dira.
Montyk Aimar eta Jaio garaitu zituen final lehiatu batean, diziplina askorekin: helikopterotik saltoa, igeri egin, soka eta sarea igo, tranpolin mitikoetatik itsasora jauzi, urpean igeri egin, soka gehiago eta tirolina amaigabe bat, ikurrinera iristeko. Hiru lehiakideek dena eman zuten, hainbat astetako sufrimenduaren ondoren. Horri denari aurre egin ostean, Montyk 20.000 euroko saria eskuratu zuen, Aimarrek 10.000 euro bigarrena eta Jaiok 5.000 euroko hirugarrena.
Beasaindarrak, gainera, marka bikaina lortu du: Bederatzi aldiz izendatu dute eta bederatzi aldiz itzuli da kanpamentura erronka bakar bat ere galdu gabe.
Publikoaren Faboritoaren Gala, gaur ETB2n eta ETB ONen
"El Conquistador" saioaren emozioa ez da amaitu, baina. Gaur gauean, 22:15ean, Publikoaren Faboritoaren Gala izango dugu, hitzordu oso berezia, XXII. edizio honetako 31 parte-hartzaileak bilduko baitituzte platoan. Julian Iantzik, Lur Errekondok eta Patxi Alonsok aurkeztuta, denboraldiko momenturik onenak errepasatuko dituzte, zuzenean, eta ikus-entzuleen gogokoena nor den deskubrituko dugu. Lehiakide bozkatuenak 5.000 euroko saria jasoko du.
Horrela bukatuko da "El Conquistador" saioaren 22. edizio hau, orain arteko denboraldi bizi eta zirraragarrienetako bat. Baina, jada iragarri dituzte hurrengo denboraldiko castingak. Irailean egingo dira eta bertan parte hartu nahi dutenek conquistador@hostoil.tv helbidera idatzi dezakete.

