EITB TALDEA
abuztuaren 22tik 30era
Bilboko Aste Nagusiari jarraipen berezia, EITBn
EITB
Marijaiari harrera eta su artifizialak zuzenean eskainiko dira, baita Balearen Desfilea ere. Gainera, abuztuaren 26an Gaztea Gaua izango dugu, ETSren kontzertu ikusgarriarekin; eta MAKUSI guneak txikienentzako jarduerak eskainiko ditu egunero.
-
Marijaia, Arriaga Antzokiko balkoian. (Irudia: EFE)
EITBko hedabideek Bilboko Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute abuztuaren 22tik 30era. Jaietako ekitaldi nagusiak telebistan, irratian, plataforma eta euskarri ezberdinen bidez jarraitu ahal izango dira, eta albistegiek eta saioek Bizkaiko hiriburuko jai giroaren berri emango dute egunotan.
Aste Nagusiari hasiera emateko, Marijaiari harrera zuzenean eskainiko dute ETB2k eta ETB ONek, abuztuaren 22an, 18:00etatik aurrera. Klaudio Landak eta June Ansoleagak egingo dute kontakizuna, eta Eleder Iglesiasek eta Aritz Mendiolak Arriaga Antzokiaren barruan eta kanpoan bildutako lagunekin hitz egingo dute.
Larunbatean bertan hasita eta jaietako gau guztietan, Bilboko su artifizialak ere zuzenean ikusi ahal izango dira, Ilaski Serranok eta Klaudio Landak gidatutako saio berezian. Emanaldi bakoitzean hainbat gonbidatu izango dituzte. Abuztuaren 30ean, berriz, "Agur Marijaia" saio bereziak emango dio amaiera Aste Nagusiari.
Bestalde, abuztuaren 23an, 18:00etatik aurrera, Balearen desfilea zuzenean jarraitu ahal izango da euskaraz ETB2 ONen, ETB ON plataforman eta Youtuben. Ekitaldiaren kontaketa Ane Zuazubiskar kazetariak egingo du eta alboan izango ditu Mikel Etxarri eta Maialen Sorzabalbere erreportariak, kalean bizi den giroa jasotzeko.
Irratiak ere kalera aterako dira Aste Nagusian. "Distrito Euskadi" saioa abuztuaren 24an egingo da zuzenean Euskalduna Jauregiaren kanpoaldean, Euskalduna Clubeko terraza parean, 16:00etatik 19:00etara. Xabier García Ramsdenek aurkeztutako programa irekia izango da publikoarentzat aforoa bete arte, eta hainbat gonbidatu izango ditu, besteak beste, Martin Urrutia, Gurutze Beitia, Gemma Martínez, Mitxel Santamaría, José Antonio Nielfa "La Otxoa" eta José María Amantes.
"Euskadi Quédate" ere Aste Nagusiaren bihotzera iritsiko da. Abuztuaren 28an, Odei Esnaolak aurkeztutako ETB2ko saioak zuzeneko emanaldi berezia egingo du Bilboko erdigunetik, jaietako giroa bertatik bertara erakutsiz, gonbidatuekin eta hainbat sorpresarekin.
Gaztea Gauaren aurtengo ibilbidea ere Bilboko Aste Nagusian amaituko da. Abuztuaren 26an, ETS taldeak Europa Parkean eskainiko duen kontzertuak emango dio amaiera aurtengo zikloari.
Azkenik, MAKUSI GUNEA ere Bilboko Txikigunean izango da abuztuaren 22tik 30era. Txikienek hainbat jardueraz gozatu ahal izango dute: margotzeko eta eskulanak egiteko txokoa, egurrezko jolasak, "Go!azen"eko diskoteka isila eta puxika zein kareten banaketa. Gainera, MAKUSIren maskotarekin argazkiak ateratzeko photocalla ere izango da.

