Itxi

EITB TALDEA

Audientzia

Kontxako Banderaren ETB1eko zuzeneko emanaldia liderra izan zen igandean, % 27,8ko audientzia zatiarekin

EITB

Euskaldunen artean % 38,8ko kuota lortu zuen, eta 100.000 ikus-entzulek baino gehiagok egin zuten bat ETBrekin gizonezkoen estropadaren lehen jardunaldia jarraitzeko. Emakumezkoena ere lider izan zen, % 13,4arekin (euskaldunen artean % 23tik gora).

  • Kontxako Bandera, ETB ON plataforman

    Kontxako Bandera, ETB ON plataforman

Kontxako Banderak audientzia datu ikusgarriak lortu ditu igande honetan Euskal Telebistan: 115.000 ikus-entzulek egin zuten bat ETB1ekin estropadak zuzenean jarraitzeko, eta emanaldia liderra izan da bai emakumezkoen txandan (% 13,4ko audientzia zatia), bai gizonezkoenean ere (% 27,8a). Euskaldunen artean ere bereziki nabarmentzekoak ditugu emaitzak: % 23,6 emakumezkoen lehiak eta ia % 40 gizonezkoenak. Horri guztiari, gainera, ETB ON plataformako zuzenekoa gehitu behar zaio, 19.000 erabiltzaile bakarrekin.

Beste behin, EITB erreferente dugu kirol ekitaldi handietan, kasu honetan, Kontxako Banderaren emozio guztia geuregana ekartzeko. Izan ere, Donostiakoa beti da berezia, historia bizia duen lehia; eta, beraz, EITB Kirolak-ek aste berezia prestatu du estropada berezi hauen inguruan.

Gaurtik igandera bitartean, egunez egun, "Kirolak" albistegian eta www.kirolakeitb.eus webgunean pieza bereziak eskainiko dira, lehiaketa honen istorioak eta arraun munduan duen garrantzia ezagutarazteko. EITBLab-ek eta Kirolak-ek ikus-entzunezko lan berritzailea egin dute elkarrekin, Ibon Gaztañazpi aurkezle, eta arraunak Donostiako badian duen garrantziaren berri emango digute. Ondoren, pieza horiek guztiak batera eskainiko dira "Kontxa Hondoan" izeneko saio berezian, igandean, 2026ko Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia dela-eta. "Kontxa Hondoan" irailaren 13an izango da ikusgai, 10:35ean ETB1en; eta gauean, "Eguraldia" saioaren ondoren, ETB2n.