EITB TALDEA
FesTVal Gala
"Gaupasa" eta "Bizi Natura" saioek FesTVal saria jasoko dute larunbatean, eta Mikel Lejarzak EITB Saria
EITB
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak emango dio saria Lejarzari, 20:00etan Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo den itxiera galan. Alfonbra laranjak, ohi bezala, EITBko ordezkaritza hartuko du.
-
Gaupasa eta Bizi Natura
FesTVal Gasteizko Telebista Jaialdiak Itxiera Gala ospatuko du larunbat honetan, irailak 12, Arabako hiriburuko Europa Jauregian eta, bertan, ETBko bi programa sarituko dituzte: "Gaupasa" eta "Bizi Natura". Gainera, ohi bezala, telebista sektoreko profesional baten ibilbidea aitortuko du EITBk. Aurten Mikel Lejarzak (Bilbo, 1956) jasoko du EITB Saria, komunikabideen kudeaketan, ikus-entzunezko arrakasta handien ekoizpen exekutiboan eta unibertsitateko irakaskuntzan egindako lanagatik.
Gaueko sarituetako bat Euskal Telebistaren "Gaupasa" saioa izango da, "Julen Telleriaren eskutik, ETB1eko late night-a berritzeagatik. Elkarrizketak, umorea eta zuzeneko musika uztartzen ditu programak, Gaubanda talde propioarekin; eta ETB1eko gauetara ekarri du berriz ere elkarrizketarako tarte hurbil eta ausarta, aurpegi ezagun ugarik osatutako kolaboratzaileen talde zabalarekin". Hain zuzen ere, astearte honetan bertan, FesTVal jaialdiaren testuinguruan, ETBk udazkeneko programazioa aurkeztu zuen, "Gaupasa" saioko aurkezle eta kolaboratzaile talde zabal batekin, tartean Aitziber Garmendia, Jon Plazaola, Miren Nogales eta Antton Telleria. Entretenimendua, umorea eta elkarrizketak izango dira, berriz ere, datorren asteartean hasiko den bere bigarren denboraldiaren zutabeak eta, hala, Julen Telleriaren late night saioak maiatzean hasitako bideari jarraipena emango dio, Gaubandaren musikak eta kolaboratzaileek lagunduta. Gauero, lagunekin batera, gaupasa egiteko.

"Bizi Natura"ri dagokionez, FesTValek azpimarratu du saioak erakutsi duen gaitasuna "Erresuma Batutik kanpo 'Springwatch 'formatu arrakastatsuaren lehen egokitzapena Euskal Herrira ekartzeko, Brutal Mediaren eta BBC Studiosen eskutik. Urdaibaiko Biosfera Erreserban instalatutako 18 kameren bidez, saioak bizitza basatia denbora errealean hurbildu die ikus-entzuleei, dibulgazio zientifikoa, entretenimendua eta ingurumenarekiko kontzientzia uztartuz".
600.000 lagunek baino gehiagok egin zuten bat Euskal Telebistarekin "Bizi Natura" telebistako esperientzia ikusgarria jarraitzeko eta, horrez gain, 12.500 ordu baino gehiago kontsumitu ziren ETB ON plataforman. Hiru astez, Urdaibaiko Biosfera Erreserba, padurak eta bertako ingurunea Euskal Telebistaren agertoki natural bihurtu zituen telebista esperientzia arrakastatsua honek, BBCren formatu arrakastatsuaren egokitzapena, eta fauna, flora eta ingurune paregabe horretan hobekien gordetako sekretuetako batzuk gertutik bizitzeko aukera eskaini zigun. Erronka handia izan zen, naturak ez baitu gidoirik eta bertan lan egiteak aurreikusi ezin daitezkeen egoerei aurre egitea baitakar; baina, zalantzarik gabe, bidaia ikaragarria izan zen. Orain, FesTVal saria ere lortu du EITBren eta Brutal Media BBCren arteko lankidetzaren emaitzak.

Mikel Lejarzari EITB Saria
Larunbat honetako galan, Mikel Lejarzak 2026ko EITB Saria jasoko du Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren eskutik. Komunikazio Zientzietan doktorea da Lejarza, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Geografia eta Historian lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean. Lau hamarkada baino gehiago egin ditu komunikazioaren munduan, Euskal Telebistan hasi eta Telecinco eta Antena 3ko Telebista Dibisioko zuzendaritza nagusira arte. Garai hartako telesail eta formatu garrantzitsuenak bultzatu zituen Lejarzak. Ondoren, streaming sektorean eta nazioarteko ekoizpenean jarraitu du, aholkularitzen eta HBO zein Telemundo Global Studios bezalako operadore globalentzako fikziozko proiektuen aliantzaren bidez.
Mikel Lejarza
Gala 20:00etan hasiko da, Europa Jauregian, eta aurten ere EITBko ordezkaritza zabala izango da han, baita alfonbra laranjan ere. EITBk hasieratik babesten du ikus-entzunezko jaialdi hau eta anfitrioi da FesTVal jaialdian.

