EITB TALDEA
Irailak 17
EITBk jarraipen berezia egingo dio ostegun honetako Politika Orokorreko Osoko Bilkurari
EITB
"Faktoria" eta "Boulevard" albistegiek emanaldi bereziak egingo dituzte goizean bertatik. "Egun On"k gertutik jarraituko du eta "En Jake"ek, ohikoaz gain, saio berezia izango du 20:00etan. Seinalean zuzenean eskainiko da egun osoz ETB ON plataforman eta ORAINen; eta 14:30etik aurrera ETB1en.
-
Politika Orokorreko Osoko Bilkura, EITBn
Irailaren 17an Eusko Legebiltzarrean Politika Orokorreko Osoko Bilkura egingo dela-eta, EITBk programazio berezia izango du, profesional talde zabal baten eskutik. Zuzeneko seinalea uneoro jarraitu ahal izango dugu ETB ON plataforman eta ORAIN EITBren albisteen zerbitzu digitalean. Baina, horrez gain, EITBk estaldura zabala eskainiko du bere hedabide eta kanal guztietan, kalitatezko informazioarekiko konpromisoari eutsiz eta gako guztiak eskaintzen Legebiltzarreko kurtso politiko berri honen hasieran.
ETB1en, "Egun On" goizeko albistegiak saio berezia egingo du 09:00etatik 12:00etara, aurkezleetako bat Gasteizen duela. 14:00etan, berriz, "Gaur Egun"ek azken ordu informatiboaren lekukoa hartuko du; eta 14:30etik aurrera, ETB1ek zuzenean egingo du bat osoko bilkuraren seinalearekin, saioa amaitu arte.
ETB2n, berriz, Radio Euskadiko "Boulevard" saioren telebistako emanaldiarekin abiatuko dute eguna. Ondoren iritsiko da "En Jake", 11:25etik 14:00etara. Legebiltzarreko atzeko lorategietan set bat jarriko dute, eta bertatik egingo du Miriam Duquek zuzeneko programa. Iker Ibañez eta Leire Torre ere Gasteizen izango ditugu, talde parlamentarioen agerraldiak eta adierazpenak jasotzeko. Iritzi mahaiaz gain, hainbat analista izango dituzte saioan, lehendakariaren hitzaldian landutako gaiak xehetzeko. 15:00etan hasiko da "Teleberri", Politika Orokorreko Osoko Bilkurari begira; eta, 18:45etik aurrera, ETB2k Legebiltzarreko aktualitatearekin bat egingo du berriro ere, "Euskadi Quédate" saioaren eskutik, 20:00ak arte. Orduan hasiko da "En Jake Berezia", egun osoan zehar sortu diren gai garrantzitsuenak aztertzeko.
Euskadi Irratian, "Faktoria" albistegiak saio berezia egingo du Legebiltzarretik Iñaki Guridik gidatuta 07:00etatik 12:00etara; eta "Goizak Gaur" ere Gasteiztik egingo da neurri handi batean. Arratsaldeko albistegiek Osoko Bilkurara begira jarraituko dute eta "Mezularia" programak hainbat elkarrizketa eskainiko dizkigu.
Radio Euskadi ere Eusko Legebiltzarrean izango da ostegun honetan, eta "Boulevard" saio berezia egingo dute bertatik Eider Hurtadok eta lantaldeak, 08:00etatik 13:00etara. Lekukoa "Crónica de Euskadi" albistegiak hartuko du, hemen ere zati handi bat Gasteiztik. Ordu erdiro konexioak izango dira arratsaldean zehar eta, azkenik, egunak eman duenaren analisia eta balorazioa egiteko aukera eskainiko digu "Ganbara"k.
Radio Vitoriak ere, nola ez, gertutik jarraituko du eguneko gaurkotasun politikoa; eta ORAIN EITBko albiste zerbitzu digitalak hainbat kazetari ere izango dira osoko bilkuran, EITBko sare sozialen bidez azken ordua gugana helarazteko.

