EITB TALDEA
Urriak 10
Zuzeneko ekitaldi eta jarduerez betetako egun osoko jaia ospatuko du EITBren MAKUSI plataformak larunbatean
11:00etatik 17:00etara bitartean BEC!eko 2. pabilioira hurbiltzen diren familiek MAKUSI unibertsoko protagonistekin ekintza egitarau zabala topatuko dute ume zein gaztetxoentzat. 17:30ean, "Go!azen 13"ren aurrestreinaldia izango da Bizkaia Arena aretoan.
-
MAKUSI Jaia, urriaren 10ean, BEC!en
MAKUSIk, haur eta gazteentzako euskarazko EITBren ekosistema eta plataforma digitalak, bere hirugarren jai handia ospatuko du larunbatean (urriak 10), BECen!, egun osoz. Goizeko 11etan hasi eta 17:00ak bitartean, ekintza egitarau zabala topatuko dute bertaratzen diren familiek: zuzeneko jarduerak, musika ikuskizunak, podcast gunea, puzgarriak, ludoteka, margotzeko txokoa, abentura parkea, psikomotrizitate gunea, tailerrak, eskulanak, etab.
Bestalde, MAKUSI unibertsoko protagonista nagusiek txoko propioak izango dituzte: "Zientzia Piztia", "Go!azen", "Kalaxka", "Potx eta Lotx", "Kima eta Amik", "Irabazi Arte" eta "Papir!o" besteak beste. Elkarrekin abesteko, dantzatzeko eta jolasean aritzeko gunea izango da MAKUSI jaia. "Go!azen" musika kontzertua, "Kalaxka" saioko Anepe eta Aritzekin erronkak egiteko aukera, "Zientzia Piztia" saioko aurkezle Arnaitz Fernandezekin esperimentuak zuzenean, "Potx eta Lotx" zein "Loa eta Laia" lagunen musika emanaldiak eta askoz gehiago izango ditugu eskura.
Go!azen 13
Behin MAKUSI Jaia bukatuta, "Go!azen 13" telesailaren aurrestreinaldi handia egingo da Bizkaia Arenako pantaila erraldoian. Ateak 16:30ean irekiko dira, eta proiekzioa 17:30ean hasiko da, telesaileko protagonistak bertan direla.

