EITB TALDEA
MIPCOM 2026
EITB euskal ikus-entzunezkoen aterki dugu aurten ere Cannesen
EITB
Aurrekoetan bezala, 'Basque.Audiovisual' stand-a jarri du EITBk MIPCOMen, eta euskal fikzio eta entretenimendu edukiak biltzen dira bertan. Ekimenak aukera emango die euskal ekoiztetxeei kontaktuak landu eta negozio-aukera berriak aztertzeko.
-
Stand-a
Aurten ere, Basque.Audiovisual stand-a jarri du EITBk Cannesen egiten ari diren MIPCOMen, ikus-entzunezko edukien munduko azokarik garrantzitsuenean.
EITBren eta euskal ekoiztetxeen ordezkaritza zabala dago bertan eta, aurreko urteetan bezala, Basque.Audiovisual gunea euskal stand partekatua da. Espazio horretan euskal fikziozko eta entretenimendu edukiak erakusten dira, besteak beste, "Desagertuta", "Irabazi Arte!", "Go!azen", "Odol Ilargia", "Zeru Ahoak", "Ondarea. Euskal Sukaldaritza Berriak, 50 urte", "Baskoniako Historia Bat" eta "Euskal Herria Hegan". Hala, aukera eman nahi zaie euskal produkzio-etxeei mundu osoko profesionalekin harremanak eta aliantzak ezarri eta negozio-aukera berriak aztertzeko. Abagune paregabea, beraz, euskal ikus-entzunezko ekoizpenaren kalitatea eta aniztasuna ezagutarazteko.

Izan ere, urriaren 15era arte, MIPCOM 2026 azokak 100 herrialde baino gehiagoko profesionalak bilduko ditu. 10.600 bisitari inguru espero dituzte, 3.300tik gora erosle, ekoizle, banatzaile, OTT plataforma eta broadcasterrak barne. 350 stand guztira.

Urtero, Cannesen aurkezten dituzte azken ekoizpenak eta bertan ezartzen da ikus-entzunezkoen agenda etorkizunari begira. Azokak, hala, nazioarteko ikus-entzunezko industriaren joera nagusiak landuko ditu, besteak beste, edukien garapena eta banaketa, audientziak, teknologia, adimen artifiziala, negozio-eredu berriak eta entretenimenduaren etorkizuna. Munduko enpresa eta plataforma nagusietako ordezkariek hartuko dute parte hitzaldi eta mahai-inguruetan, tartean Netflix, YouTube, Meta, BBC, BBC Studios, Disney, TikTok eta NBCUniversal.

Testuinguru horreta, EITBk topaketa egin du astearte honetan, eta nazioarteko ikus-entzunezko sektoreko enpresa eta erakunde ugaritako ordezkariak bildu ditu bertan, besteak beste Global Screen, Arait Multimedia, Trece, Samsung, Secuoya Studios, Mediaset, AMC, CCMA/3Cat, A Contracorriente Films, Artico Distribution, RTVE, GoldBee, Fifth Season, Paramount, Disney Iberia, Sony Pictures, DeAPlaneta Entertainment, Telemadrid, NBCUniversal, Warner, Seven.One Studios International, Video Mercury Films, Televisión de Galicia, Cineflix Rights eta Sony Pictures Television Networks.
Hitzorduak aukera eskaini du EITBren nazioarteko presentzia indartzeko eta sektoreko profesional eta enpresa nagusiekin harremanak sendotzeko, euskal talentua eta ikus-entzunezko edukiak nazioartean sustatzearen alde egiten jarraitzen baitu EITBk.

