EITB TALDEA
EITB Irratiak
EITB Musika berritu da: musika nobedade gehiago eta soinu-nortasun berria
EITB
EITB Musikak eskaintza eraberritu du, entzuleei esperientzia garaikideagoa, dinamikoagoa eta erakargarriagoa eskaintzeko, bere nortasunari eta euskal musikarekiko konpromisoari eutsita. Soinu-nortasun berria estreinatu du , Mikel Azpiroz musikariaren eskutik.
-
EITB Musika
EITB Musikak etapa berri bati ekin dio. Azken hilabeteotan garatutako berrikuntza-prozesuaren ondorioz, irratiak bere musika-eskaintza eguneratu du, errealizazioa dinamikoagoa bihurtu du eta soinu-nortasun berria estreinatu berri du. Aldaketa horien bidez, EITBk bultzada berri bat eman nahi dio bere musika-irratiari, gaur egungo entzuteko ohituretara egokitzeko eta publiko zabalago batekin konektatzeko.
Berrikuntzaren ardatz nagusia musika-hautaketaren eraberritzea izan da. EITB Musikak gaurkotasun handiagoa duen errepertorioaren aldeko apustua egin du, euskal zein nazioarteko musika-berriei leku handiagoa emanez. Era berean, 2000. urtetik aurrerako abesti arrakastatsuek presentzia nabarmenagoa hartu dute, eta aurreko hamarkadetako klasiko ezagunek ere beren lekua izango dute.
Horrela, entzuleek erraz ezagutuko dituzten abestiak eta gaur egungo musika-proposamenak uztartzen dituen eskaintza osatu da. Baina EITB Musikak ez dio uko egin bere ezaugarri bereizgarrienetako bati: hain ezagunak ez diren artistak, abestiak eta benetako musika-altxorrak aurkitzeko aukera eskaintzeari. Ezaguna eta berria, klasikoak eta aurkikuntzak uztartzen dituen eskaintza da, kalitatea eta aniztasuna oinarri dituena.
Soinu berria, nortasun berari eutsita
Musika-hautaketaren berrikuntzarekin batera, EITB Musikak bere soinu-nortasuna ere eraberritu du. Mikel Azpiroz musikariak landu du emisioaren soinu-irudi berria, sintonia, jingle eta identifikazio-elementuak eguneratuz, markaren nortasuna modu modernoago eta minimalistagoan islatzeko.
Errealizazioa ere dinamikoagoa da orain: musika da protagonista, eta euskarazko aurkezpen labur eta zainduek osatzen dute entzute-esperientzia. Helburua da irratiari erritmo biziagoa eta soinu garaikideagoa ematea, entzulearekiko gertutasuna eta konpainia-sentsazioa galdu gabe.
Berrikuntza sakona izan arren, EITB Musikak bere esentziari eutsi dio. Izan ere, entzuleek bereziki estimatzen dituzten ezaugarriak —musika-kalitatea, aniztasuna eta konpainia— indartzea izan da prozesuaren abiapuntua.
Belaunaldi berriekin konektatzeko apustua
EITB Musikaren eraberritzeak audioaren kontsumoan gertatzen ari diren aldaketei ere erantzuten die. Entzuteko ohitura berriek eta eskaintza musikalaren bilakaerak aukera berriak ireki dituzte, eta EITBk aukera hori baliatu nahi du helduentzako erreferentziazko musika-irratia sendotzeko. Helburua ez da egungo entzulegoa ordezkatzea, baizik eta harekin dagoen harremana indartzea eta publiko berrietara zabaltzea, bereziki 35 eta 55 urte bitarteko entzuleengana, emakumeengana eta belaunaldi heldu gazteagoetara.
EITB Musikak euskal herritar helduen soinu-banda garaikidea izan nahi du: egunerokoan laguntzen duen irratia, musika-estilo desberdinak uztartzen dituena eta entzuleei abesti ezagunekin gozatzeko zein proposamen berriak ezagutzeko aukera ematen diena.
Euskal musikaren aldeko konpromisoa
Berrikuntza horren guztiaren erdigunean jarraitzen du EITB Musikaren zerbitzu publikoaren izaerak. Euskal musikaren eta euskal artisten presentzia sustatzea, euskarari eguneroko musika-kontsumoan leku naturala ematea eta gure musika-sorkuntzaren aniztasuna ezagutaraztea emisioaren funtsezko eginkizunak dira.
EITB Musikak bertako sortzaileei ikusgarritasuna ematen jarraituko du, euskal musika nazioarteko proposamenekin modu naturalean uztartuz. Hain zuzen ere, musika ezaguna eta arrakastatsua eskaintzearekin batera, bestelako proposamenak ezagutzeko aukera ematea da irrati publiko honen bereizgarrietako bat.
EITBren irrati- eta audio-eskaintzaren barruan, EITB Musikak berezko lekua du, Gaztearen eskaintza gazteagoa osatuz eta helduentzako musika-aukera bereizia eskainiz. Gainera, GUAU plataformaren bidez, irratiaren eskaintza ingurune digitalean ere eskura dago.
EITB Musika berria gaurkotuagoa, dinamikoagoa eta askotarikoagoa da. Musika onaren plazera, abesti ezagunen emozioa eta aurkikuntza berrien sorpresa uztartzen dituen irratia, betiko nortasunari eutsita.

